Berrozin Alfonso Mentxakaren omenezko monolitoa inauguratu dute

01.JPG

2015.eko irailak 01

ETAko Bizkaia taldea desegitean hil zuten, 1991ko irailean

Alfonso Mentxaka Lejonaren senide eta lankideek gaur ekarri dute gogora Berroziko instalazioetan haren omenez jarritako monolitoa inauguratzeko ekitaldian. Eskuhartzeko Unitateko kidea duela hogeita lau urte, 1991ko irailaren 1ean, hil zen ETA erakunde terroristaren tiroen ondorioz Bizkaia taldea desegiteko lanetan ari zela.

Alfonsoren lankideek antolatu dute gaur Berrozin egindako ekitaldia, eta omenaldiarekin bat egin nahi izan duten haren gurasoek zein senide eta ertzain ugarik hartu dute parte horretan. Berroziko instalazioetan egongo den haren omenezko monolitoa inauguratu dute ekitaldian, eta senideei oroitzapenezko hainbat objektu ere eman dizkiete, Ertzaintzaren txapel bat eta zendutako ertzainaren lanbide-txartela duen plaka, besteak beste.

Senide eta lankideekin batera, Segurtasuneko sailburuorde Josu Zubiagak, Ertzaintzako zuzendari Gervasio Gabirondok, Erakundeen Segurtasunerako buruzagi nagusi José Ramón Lezertuak eta Berroziko basean egoitza duten unitateetako agintari guztiek ere parte hartu dute omenaldian.

Erakundeen Segurtasunerako buruzagi José Ramón Lezertuak Alfonso Mentxakaren ezaugarriak azaldu ditu ongietorri-hitzaldian; besteak beste, «haren ahalegin profesionalak eta bizitza-egitasmoak gizarte hobe eta bidezkoago batekin zerikusia» zutela esan du, eta nahi horiek, egiaztatu duen moduan, indarkeriarik gabeko gaur egungo egoeran izan dutela emaitza. Lezertuak, halaber, zera gaineratu du: «Ez dugu ezabatu behar gure polizia txikiak, Ertzaintzak, Euskal Herria justifikaziorik gabeko indarkeria erabiltzen zutenetatik libratzeko hartu zuen konpromisoa; eta konpromiso horrek ahalegina, ardura eta, eman daitekeen handiena, bizitza, esan nahi zuen Alfonsoren eta beste batzuen kasuan».

Ertzaintzako Erakundeen Segurtasunerako burutzagiaren hitzak berretsi dituzte Eskuhartzeko Unitateko arduradunek, bai 1991koak bai egungoak, eta hildako ertzaina ekarri dute gogora, haren lanbide-ibilbidea zein giza kalitatea goraipatuz.

Belének, Alfonsoren arrebak, eman dio ekitaldiari alderdi samurrena; izan ere, anaiaren oroimenez hitz egin duenean, bera eta bere familia hunkiturik daudela esan du, hogeita lau urteren ostean anaiaren oroitzapenak oraindik badirauelako, familiaren barruan ez ezik, baita lankide izan zituen horiengan ere.