Sareb-ek hamar etxebizitza lagako dizkio Alokabideri, alokairu sozialeko parke publikorako

a.jpg

2015.eko uztailak 30

Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak, Ángel Toñak, Alokabideren izenean, eta Bankuen Berregituraketatik datozen Aktiboak Kudeatzeko Sozietatearen (SAREB) Garapen Korporatiboko eta Lege Gaietarako zuzendari nagusiak, Óscar García Maceirasek, bi alderdien arteko lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute gaur goizean. Akordioaren bitartez, SAREBen parkeko hamar etxebizitza lagatzen zaizkio Alokabideri; hots, etxebizitzaren funtzio sozialaren esparruan babestutako alokairua kudeatzeko ardura duen Eusko Jaurlaritzako sozietate publikoari. Sozietate horrexek kudeatuko du, aurrerantzean, etxebizitzok alokairu sozialeko araubidean jartzea.

 

Akordioaren ostean, Alokabidek garatuko ditu etxebizitzak esleitzeko prozesuak; esleipendunek izenpetutako kontratuetan esku hartuko du, errentatzaile gisa, eta errenta-kobratzeak kudeatuko ditu. Babes ofizialeko etxebizitza bat eskuratu ahal izateko indarreko araudia betetzen duten familia eta familia-unitateak izan daitezke programa honen onuradunak. Horretarako, Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan izena emanda egon beharko dute.

Sinatutako hitzarmenaren arabera, alokairuko errentak ezingo du izan ez 75 euro hileko baino baxuagoa, ez 450 euro hileko baino altuagoa. Nolanahi ere, errentaren zenbatekoak ezingo du errentariaren diru-sarreren % 30 gainditu. Errentarien diru-sarrera, bestalde, Euskadiko babes ofizialeko etxebizitzetan diru-sarrerak zenbatzeko aplikatu beharreko araudiaren arabera zenbatuko da.

SAREB eta Alokabideren lagatze-kontratuak lau urteko iraunaldia izango du; horrez gain, urtebetez luzatu daiteke, bi aldeen berariazko akordioz.

Lagatzeko proposatu diren hamar etxebizitza hutsak berehala erabili daitezke, horretarako baldintza tekniko eta juridikoak betetzen dituzte eta. Hirigune handitan kokatutako etxebizitzak dira, eta, halakoetan, gehiago eskatzen da alokairuko araubideko etxebizitza babestua.

Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak alokairu babestuko programetarako etxebizitza hutsak biltzeko garatutako ekintzen baitan sartzekoa da SAREBekin sinatutako lankidetza-hitzarmena. Gobernuak jada abiarazi zuen, iragan udazkenean, «Zabaldu zure etxea, Irabazi Segurua» kanpaina, etxebizitza hutsak biltzeko. Ildo horretatik, Alokabidek antzeko hitzarmen bat sinatu zuen Kutxabankekin duela gutxi, eta hainbat eragilerekin ditu elkarrizketak.