Urkullu lehendakariak Antoñanako zentral hidroelektriko berriak energia garbiaren ekoizpenari egingo dion ekarpena goraipatu du
Iturria: Irekia - Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco
2015.eko maiatzak 20
- Barbo Energías Renovables enpresak 772.000 euro inbertitu ditu berritze-lanetan
- Zentralak 2 milioi kilowatt/urteko ekoitziko ditu Izki eta Ega ibaietako urekin
- Oregi sailburua lagun zuela, lehendakariak mendetik gorako antzinatasuna duten jatorrizko instalazioen kontserbazio-egoera ona nabarmendu du
Iñigo Urkullu lehendakariak gaur goizean nabarmendu du «Antoñanako zentral hidroelektriko berriak energia garbiaren ekoizpenari egingo dion ekarpen positiboa, eguratsera 1.625 tona CO2 isurtzea ekidin eta urtean bi milioi kilowatt sortuko dituelako».
Ana Oregi sailburua lagun zuela, lehendakarik zentralaren instalazioak bisitatu ditu, Barbo Energías Renovableseko kudeatzaile Pablo Garciak, Amesa Technologieseko presidente Ion Artetak eta Kanpezuko alkate Esteban García-Campillok zentralaren nondik norakoak azalduta. Antoñanako zentral hidroelektrikoa aitzindaria izan zen bere garaian; Sociedad Electra-Hidráulica Alavesak eraiki zuen 1905ean, Izki eta Ega ibaietan hargune bana ezarrita. Instalazioak berrituta, eta mantentze-lanak eta konponketak eginda, 110 urte dituzten jatorrizko azpiegiturak egoera ezin hobean geratu dira, eta hori, Iñigo Urkulluren iritzian, «orduko ingeniarien eta arkitektoen trebetasunaren adibide da».
Barbo Energías Renovables enpresak 772.000 euro inbertitu ditu zentral hidroelektrikoa berritzeko eta abian jartzeko lanetan. Jarduera hori Eusko Jaurlaritzaren energia berriztagarrietan inbertitzeko programaren barne dago, eta 172.000 euroko diru-laguntza jaso du. Antoñanako zentral berriak urtean 2 milioi kilowatt sortuko ditu.
«Antoñanako ekoizpen hidroelektrikoak energiari eska dakizkiokeen bi baldintzak betetzen ditu: % 100 berriztagarria eta merkea izatea. Horrenbestez, zentral honek, energia sortzeaz gain, ingurumena zaintzen lagunduko du. Antoñanak sortutako energia elektrikoaren bidez, eguratsera 1.625 tona CO2 isurtzea ekidingo da; hau da, 5.400 zuhaitzeko baso batek hainbeste. Halaber, 1.400 autoren eragin negatiboa konpentsatuko du. Horrekin guztiarekin klima-aldaketaren ondorioei kontra egin ahal diegu», adierazi du lehendakariak.
Urkullu lehendakariaren ustean, zentrala «Arabako mendialdeko motor ekonomikoetako bat izango da, lanpostuak finkatuko dituelako, toki-enpresei egonkortasun handiagoa ekartzeaz gain, bertako zerbitzuen sektorea eta merkataritza dinamizatzea eraginez. Gaurkoa beste aurrerapauso bat da. Arabak eta erdialdeko mendien eskualdeak euskal ondare naturalaren kontserbazioan eta jasangarritasunean modu aktiboan parte hartu dute».
Sociedad Electra-Hidráulica Alavesak 1905ean eraiki zuen Antoñanako zentrala, 1897an Izki eta Ega ibaien emaria ustiatzeko sortu ondotik. Garain hartan, azpiegitura hidrauliko bana eraiki zen; presak eta ubideak, ura karga-andeletara daroatenak, bertatik, behartutako hodiaren bidez makina-etxera iristeko. Atauriko multzoko grabitate-presa, Izki ibaian, uraren norabidearekiko zeiharra, 1,80 m-ko garaierakoa, eta 30 m-ko luzerako gailurra duena, eta isurketa libreko hustubidea gailur osoan. Korresko multzoko grabitate-presa, Ega ibaian, oinplano zuzen eta L erako profilekoa, 25 m-ko luzerako gailurra eta 6 m-ko garaiera duena, eta bi hustubide eskuin ertzean, ohol kengarriz itxita daudenak, eta beste hustubide bat hondoan, uhate-giltza bidez itxita dagoena eta presaren gailurrean kokatutako bolante eta torloju bidez eskuz irekitzen dena. Ubideetako hustubideen uhate guztiak zurezkoak ziren, bolante eta torloju bidez eskuz irekitzen zirenak. Makina-etxea Gasteiztik Lizarrarako errepidean dago, 38 km-an. Oinplano angeluzuzen eta solairu bakarreko eraikin xumea da, karga-hodiaren sarrera kanpoaldean duena.
Bilbon egoitza duen Barbo Energías Renovables enpresak antzeko zentralak kudeatzen ditu Igantzin eta Galipentzun (Nafarroa), hala nola beste autonomia-erkidego batzuetan.