"Tilting at Mountains" liburua aurkeztu du Edurne Pasabanek New Yorken
2015.eko maiatzak 07
Edurne Pasabanek bere liburua aurkeztu zuen maiatzaren 5ean Euskadiren Estatu Batuetako Ordezkaritzan.
Hitzaldira hurbildu ziren amerikar eta euskaldunek munduko hamalau zortzimilakoak igo dituen lehen emakumearen esperientziak entzun zituzten beren ahotik.
"Nahiz eta nire familian alpinistarik ez dagoen, txikitatik joan naiz mendira. Hamalau urterekin mendiko klubaren bazkide egin nintzenean nire bizitza mendiari lotuta egotea nahi nuela konturatu nintzen", esan zuen Pasabanek.
Bere pasioa mendia den arren, momentu batzuetan sufrimendua eta frustrazioa sentitu duela onartu zuen kirolarik honek. Horregatik, "Tilting at Mountains" liburuak mendiarekiko izandako maitasuna, anekdota eta erronka profesional eta pertsonalei buruz hitz egiten du.
Topaketa honetan tolosarrak esfortzua, konfiantza, prestakuntza eta talde lanaren garrantzia goraipatu zituen. Bere ustez, "talde onenak profesional on eta pertsona zintzoak izaten dituzte bere baitan".
"Ohore handi bat da Edurne Pasaban gurekin New Yorken izatea. Munduko hamalau zortzimilakoak igo dituen lehen emakumea izateaz gain, Edurne ingeniari industriala eta Enpresa Institutuan irakaslea da, enpresa master garrantzitsu bat dauka eta nazioarteko hizlaria da. Hau da, euskaldunok maite eta ordezkatu nahi ditugun baloreak islatzen ditu eta bere lan, esfortzu, adiskidetasun eta hobetze nahiari esker Euskadiren izena gailurrera eraman duen pertsona da Edurne" adierazi zuen Ander Caballerok, Euskadiren Ordezkaria Estatu Batuetan.
"Tilting at Mountains" Planetak 2011. urtean argitaratutako "Catorce veces ocho mil" liburuaren itzulpena da eta askoren iritsiz autolaguntza liburua da.