Osasun Sailak Basque Biocluster-aren ordezkariei harrera egin die espezializazio adimenduneko Euskadi EIS3 estrategiaren garapen-esparruan
2015.eko Urtarrilak 16
Osasun sailaren Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko zuzendari María Aguirre Ruedak Basque Biocluster bioenpresen euskal elkarteko ordezkariak hartu ditu biozientzien eta osasunaren arloen arteko batasunean aurrera egiteko. Topaketa horretan BIOEF Berrikuntza eta Ikerkuntza Sanitariorako Euskal Fundazioaren ordezkariek ere hartu dute parte; bertan osasuneko ikerketa eta berrikuntzako estrategiaren esparruan Osasun Saila prestatzen ari den ekimenak eta proposamen berriak ezagutarazi dituzte. Gainera, hartarako aplikatzen ari diren mekanismo berriak ere aurkeztu dituzte, baita hainbat tresna ere, erosketa publiko berritzailea, besteak beste. Erabiltzailearen premietara hobeto bideratutako berrikuntzen garapenean eragiten du horrek guztiak.
Gaitasun lehiakor eta bereizietan ahaleginak bildu nahi dituzten ekimenek are gehiago sendotuko dute bioenpresen eta osasuneko ikerketa-zentroen eta, oro har, Osakidetzaren arteko elkarreragina. Horrenbestez, osasun-sistemak, osasun-arloko produktu, zerbitzu eta prozesu berriak garatzeko ezinbesteko bazkidea ez ezik, garapen sozioekonomikoa ere laguntzen du, I+Gko emaitzak eta berrikuntzak sortzen baititu, eta inguruko enpresek erabili ditzaketen aukerak izan daitezke horiek.
Europan lehiakortasuna irabazteko lehentasunezko jardun-eremu izendatu du Euskadik biozientziak-osasuna binomioa, eta horrelaxe jaso da 2014an onetsitako espezializazio adimenduneko RIS3 estrategian. Lehentasunezko eremuak zehazteko orduan hazteko eta berritzeko ahalmena hartu da kontuan, bai eta enpresa-gaitasunak, gaitasun zientifiko-teknologikoak zein eskariari erantzuteko gaitasuna ere.
Sektoreen eta sailen arteko koordinazio-egoera horretan, halaber, osasun-sistemak, ikertzeko eta berritzeko bere gaitasunek zein eskariaren trakzio-izaerak parte hartu behar dute biozientzien eta osasunaren esparrua garatuko bada.