Erkorekak epaileen eta Fiskaltzaren independentzia zorrotz errespetatzea espero du

2014.eko Abenduak 19

Herri Administrazio eta Justiziako sailburu eta Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekak gertatu berri den Estatuko fiskal nagusi Eduardo Torres-Dulceren dimisioari buruz hitz egin du gaur goizean. Erkorekaren ustez «Gobernu zentralak botere judizialean eginiko interferentziei buruzko gaiak gainezka egiteko falta zena» izan da gertaera hori.

«Espero dut Gobernuak gertatutakoaz ikastea, geratzen zaion legealdiaren zatian bere jarrera zuzentzea, epaileen eta Fiskaltzaren independentzia erabat errespetatzea, eta ez inolako presiorik egitea edo eraginik izatea haiengan, azken hilabeteetan modu eskandaloso eta jasanezinean gertatu den bezala; izan ere, hain izan da jasanezina, ezen Estatuko fiskal nagusiaren dimisioa eragin baituen».

Botere Judizialari independentzia-estatusa aitortzen zaiola eta botere-banaketa duen testuinguru demokratiko batean hura ez errespetatzea erabat onartezina litzatekeela erantsi du Erkorekak.

Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak gaur goizean egin ditu adierazpenok, Bilbon, Euskadiko demokraziari eta herritarren parte-hartzeari buruzko Liburu Zuriaren aurkezpenean.