Arantxa Tapia saiburuak Fagor CNA enpresa bisitatu du
Iturria: Irekia - Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco
2014.eko Azaroak 27
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburu Arantxa Tapiak Fagor CNA enpresaren instalazioak bisitatu ditu Arrasateko Garagartza auzoan. Fagor CNA Group-eko presidente exekutibo Jorge Parladék eta zuzendari nagusiak hartu dute sailburua, eta ondoren, bildu egin dira enpresaren ekoizpenaren hasiera eta etorkizuneko-planak aztertzeko. Fagor CNAk urriaren amaieran ekin zion ekoizpenari Eskoriatzako instalazioetan eta, handik hilabetera, Garagartzakoetan, CATA enpresak Fagor Etxetresnak erosi ondoren.
Instalazioak bisitatu eta enpresaren bideragarritasun plana ezagutu ondoren, sailburuak adierazi du gaur albiste onez eta konfiantzaz betetako eguna dela. Fagor CNA berriak jabeak dituelako, lanpostuak sortu dituelako, industria-proiektu bat duelako eta produktua merkaturatuta duelako. Enpresaren egoera iazkoaren aurkakoa da, eta Arantxa Tapiak hartutako konpromisoak betetzen jarraituko dutela espero du. Tapiak azaldu du Euskadiko jarduera ekonomikoa hobetzen ari dela, eta albiste txarrak egon arren, «alderdi txar baino on gehiago dagoela».
Fagor CNA abian
Fagor eta Edesa markak kudeatzen dituen enpresa berriaren helburua 2015ean 160 milioi euro fakturatzea da. Egun, Garagartzako instalazioetan 155 langile daude eta Bergarako Geyser berogailuen fabrikan, 124 langile. Urte amaieran 300 langile izatea espero dute, eta enpresa erosteko planean aurreikusi zuten 705 langile izateko helburua betetzea.
Egun, produktua etxeetara iristen da. Gainera, gaur adierazi dute urtarrilean garbigailuak ekoizten hasiko direla.