Eusko Jaurlaritzak Ordunteko naturagunearen arauketa aurkeztu du
2014.eko Azaroak 14
(Mapa elkarreragilea eta ortofotografía kontsultatu ezazu: GeoEuskadi n)
Eusko Jaurlaritzak gaur, ostirala, hasi du Ordunteko naturagunearen (Natura 2000 Sareko Ordunteko Babes Bereziko Eremua) arauketa jendaurrean agertzeko izapidea. Hala, herritarrek egokitzat jotzen dituzten oharrak edo alegazioak egin ahalko dituzte naturagunearen erabilera datorren udaberritik aurrera arautuko duten arauen proiektuari buruz.
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko Ingurumen Plangintzako zuzendari Amaia Barredok azaldu duenez, «herritarren ekarpenak, Naturzaintzaren eta Landaberriren aholkuak, Euskal Ingurumen Batzordea eta Ingurumeneko Aholku Batzordea entzun eta gero osatuko da behin betiko dokumentua, Bizkaiko mendebaldean, Mena haranarekin muga egiten duen Karrantzan, kokatutako 4.343,49 hektareako Naturagune zoragarri honen erabilera eta gozatzea arautuko duen behin betiko dokumentua».
Ordunte kokatuta dagoen mendigunean, Mayor eta Agüera ibaiek amildegi handiak eratu dituzte. Babes Bereziko Eremuaren iparraldeko eta ekialdeko mugak Karrantzako Udalaren jabetzako mendiek zedarritzen dituzte. Mendebaldekoa, aldiz, Artzentalesko Udalarenek. Hegoaldean eta hego-mendebaldean, uren banaketa-lerroak eta Bizkaiaren, Burgosen eta Kantabriaren arteko mugak zedarritzen dute, hurrenez hurren.
2010eko irailaren 6an abiarazi zen Ordunteko Babes Bereziko Eremuak zehazteko dekretuaren onarpen-txostena. «Naturagunean –azaldu du Amaia Barredok– EBren intereseko 13 habitat daude; horietako 4, lehentasunezkoak». Kontserbazio-egoera onak mesede egiten dio faunari, batez ere, hezeguneetakoari; gailurretako uhandreari edo baso-igel iberiarrari, kasu».
«Babes Bereziko Eremu honetan ere hegaztiak daude; besteak beste, sai zuria eta okil beltza, baita ornogabeak ere, Roica la direcsalia alpina, Euphydras aurinia edo Callimorpha quadripunctaria, adibidez» esan du Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Plangintzako zuzendariak.
Florari dagokionez, Eriophorum vaginatum, Bartsia alpina, Gentiana lutea, Menyanthes trifoliata, Trichomanes speciosum edo Woodwardia radicans espezieak nabarmendu daitezke.