Oregik Europako Ingurumen Saria jasotako A&B Laboratorios de Biotecnología enpresa arabarra bisitatu du
2014.eko irailak 19
Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregi gaur goizean izan da Arabako A&B Laboratorios de Biotecnología enpresan –Europako Ingurumen Saria jasotakoa da, jasangarritasunarekiko konpromisoarengatik– eta garapen jasangarriaren kudeaketan duen garrantzia nabarmendu du.
A&B Laboratorios de Biotecnología familia-ETE bat da. Teknologia dago bere jardueraren oinarrian eta 2001ean sortu zen, egoitza Gasteizen paratuta. Mantentze-lan industrial eta profesionaletarako produktu kimikoak eta biologikoak fabrikatzea eta banatzea da bere negozio-esparrua. Produktuen artean, garbigarri ekologikoen gama eta desinfektatzaileak eta berariazko produktuak nabarmendu behar dira. Gainera, ingurumen-hobekuntza eta segurtasuna dira bere ezaugarri nagusiak, esandako produktuak garatzeko teknologia garbiak, kimika berdea, kasu, edo bioteknologia erabiltzen dituenez.
Enpresak 200 merkataritza-erreferentzia baino gehiago ditu merkatuan. Horietatik 70 ekodiseinuaren bidez garatu dira, bizitza-zikloaren analisi-metodologia erabilita.
A&B Laboratorios de Biotecnologíaren zuzendari nagusi Sergio Gutiérrez eta I+G eta kalitateko zuzendari Ion Kepa Izagirre izan ditu bidelagun Oregi sailburuak instalazioak bisitatu bitartean.
«Hasi-hasieratik ingurumenak ardaztu du enpresaren jarduna. Aitzindaria izan da gainera, ekodiseinuaren aldagaia produktuetan aplikatzen eta, hori dela eta, ekodiseinuko kasu praktikoa da. Lehen saria jaso du Europako Ingurumen Sarietan, ETEn garapen jasangarrirako kudeaketaren kategorian», adierazi du Oregik bisitaldian.