Barredo: «Koartzatxo txikiak (Egretta garzetta) ugaldu diren aurreneko aldia Txingudin»
2014.eko Irailak 18
- Hamalau bikotek lortu dute Uribarri Ganboan (Araba), baina Izaroko bikoteek, oraingoz eta dakigunaren arabera, ez dute ondorengorik
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak baieztatu du Txingudiko paduran koartzatxo txikia (Egretta garzetta) ugaltzen den lehendabiziko aldia dela. «Espezie honen bikote batek bi txita haztea lortu du Plaiaundiko urmael geza batean. Gurasoek gordean ibiltzeko joera dutenez eta habia ezkutuan dagoenez, ezin izan da ziurtatu ugalketa gertatu denik abuztuaren amaierara arte. Orduan ikusi dituzte txitak habiaren inguruko adarren artean mugitzen», zehaztu du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Plangintzako zuzendari Amaia Barredok.
Hegaztien Zuzentarauan sartuta dagoen espezie hau Gipuzkoan ugaldu dela ziurtatu daitekeen lehendabiziko aldia da. Bizkaian, Izaro uhartean –Urdaibaiko Biosferaren Erreserba–, oraingoz ez da ardeido hau ugaltzerik lortu aurten. Aldiz, Araban, Uribarri Ganboa urtegiaren inguruan, 14 bikotek lortu dute txitak haztea.
Txingudiko paduran, urte osoan zehar ikus daitekeen espeziea da koartzatxo txikia, baina neguan errazagoa da, banako gehiago ibili ohi direlako. Urtaro horretan, ehun banako inguru dituen koartzatxo itzainen (Bubulcus ibis) taldearekin partekatutako etzalekuak osatzen ditu. Ugaltzen zirenaren susmoa zegoenez, espeziearen segimendu berezia egiteari ekin zion eremu babestuko kudeaketa-taldeak.
INFORMAZIO GEHIAGO:
Txingudiko Padurak Plaiaundi Parke Ekologikoa Txingudi Ekoetxea Pierre Loti ibilbidea 20304 Irun (Gipuzkoa)
Tel.: 943 619 389 txingudi@ej-gv.es www.euskadi.net/txingudi