XII. Eduardo Chillida Matematika-Olinpiadaren sari banaketa
2014.eko Ekainak 06
Lehen lau sarituek Ingalaterran ingelesa hobetzeko egonaldia irabazi dute
Arantza Aurrekoetxea Hezkuntza sailburuordeak, Begoña Garamendi Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria lagun zuela, XII. Eduardo Chillida Matematika Olinpiadaren sariak banatu ditu gaur goizez, Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzan burutu den ekitaldian. 2014ko edizio honetan, Euskadiko 114 ikastetxetako 3.380 neska-mutilek hartu dute parte, denak ere DBHko bigarren mailako ikasleak. Olinpiadan puntuaziorik altuena eskuratu duten 12 ikasleek dagozkien sariak jaso dituzte, senitartekoak eta euren ikastetxeetako ordezkariak ere presente izan diren ekitaldian.
Aurtengo saridunak hauek izan dira:
|
Ikaslea |
Ikastetxea |
|
Gaizka Otegi Lopera |
IES Los Herran BHI, Gasteiz |
|
Santiago Cancio Sancho |
Summa Aldapeta, Donostia |
|
Iñigo Garmendia Irisarri |
Co.B.V.María (Irlandesas) Leioa |
|
Andoni Zorrozua Diaz |
IES Elexalde BHI, Galdakao |
|
Jon Haran Cañaveras Valle |
CPES Egibide, Gasteiz |
|
Arantza Prats Pz de Albeniz |
IES Antigua-Luberri BHI, Donostia |
|
Gorka Belaunde Calzada |
P. Andrés Urdaneta, Loiu |
|
Patxi Abasolo Iturbe |
IES Ipintza BHI, Bergara |
|
Javier Herrero Alvarez |
P.Andres Urdaneta, Loiu |
|
Victoria Luisa Fdz. de Troconiz |
Co. Corazonistas, Gasteiz |
|
Nerea Bilbao Turrado |
IES Gernika BHI, Gernika |
|
Lorea Intxausti oregi |
Axular Lizeoa, Donostia |
Lehen lau sarituek, hala direla egiaztatzen duen diplomaz gain, Ingalaterran hiru astez ingeles ikastaroa egiteko beka jaso dute. Gainera, lehen hiru sailkatuek ekainaren 25etik 29ra Bartzelonan egingo den Estatuko olinpiadan parte hartuko dute, Euskadiren ordezkari. Gainerako saridunek, diplomarekin batera Elkar liburu dendetan erabiltzeko 50 euroko txartel bana eta kalkulagailu zientifiko bana jaso dituzte.
Saria jaso duten neska-mutilak bikaintasunaren eredu direla azaldu du Arantza Aurrekoetxeak bere hitzaldian, horiexek baitira, sailburuordearen esanetan, bikaintasuna eta etengabeko hobekuntza, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren erronkak. “Bikaintasunerako ibilbide horretan moldatu berri dugu “Prest_gara” plana, hezkuntza-erkidegorako prestakuntza sustatzeko” gogorarazi du Aurrekoetxeak, “eta irakasle eta hezkuntza erkidegoa osatzen duten kideen prestakuntzak eragin zuzena izan dezan irakasleen konpetentzietan”.
Saridunei zorionak eta hauen irakasleei egiten duten lanagatik eskerrak eman ondoren, Matematika Olinpiada ez dela ikastetxeetan isolatutako ekimen bat azpimarratu du Hezkuntza sailburuordeak, ikasgelako egunerokoan eragina izan behar duen ekintza baizik. “Honelako jarduerek matematikekin disfrutatzeko aukera eman behar dute, erronka intelektual txikiak gainditzeko satisfazioa, baina baita matematikak ikasgelatik atera eta beste eremu batzuetan ikusgarri bihurtzeko aukera ere. Eta hori guzti hori sormena, arazoak gainditzeko gaitasuna eta erabakiak hartzeko autonomia sustatuz”.
Sari banaketa amaitutakoan, Gasteizko Berritzeguneko aholkulari Alberto Bagazgoitiak hitzaldi labur bat eskaini die sarituei eta hauen senideei, “Jakin-minari omena” izenburupean. DBHko ikasleentzako hizkera hurbil eta egokian, Bagazgoitiak zientzien ikasketan eta garapenean, eta bereziki matematiken ikasketan, jakin-mina zein den garrantzitsua azpimarratu du. “Egungo hezkuntza eremuan ikusten dugu ikasleei erantzun asko ematen zaizkiela, eta askotan galdera bera egin baino lehen ere bai”. Ikasgeletan gaiak “asmakizun eran, erronkak bailiran edo egoera deigarri gisa” planteatzearen aldeko azaldu da aditua, “jakin-mina piztu eta irtenbideak bilatzera bultzatzeko”. Eta zera gehitu du: “Hortxe dago hezkuntzaren maila guztietan irakatsi beharko genukeen ikerketa-prozesuaren muina, eta horretarako ezinbesteko tresna da matematika”.
Eduardo Chillida Matematika Olinpiada EMIE 20+11 Euskadiko Matematika Irakasleen Elkarteak antolatzen du Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren laguntzaz, eta hirugarren ediziotik darama eskulturagile handiaren izena. Aurten, olinpiadaren lehen fasea martxoaren 21ean burutu zen, parte hartzaile izan diren 3.380 ikasleek euren 114 ikastetxeetan burutu zuten azterketarekin. Horietatik 257 ikasle pasatu ziren bigaren fasera, hiru hiriburuetan aldi berean egin zen azterketara. Lehen 12 ikasleek jaso dituzte gaur sariak.
Gasteizen, 2014ko ekainaren 6an.