Lanbide Heziketarako sarrera-probak. Heziketa eta Prestakuntza Zuzendaritzaren oharra

fp05.jpg

2014.eko Maiatzak 17

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Heziketa eta Ikaskuntza Zuzendaritzak, joan zen maiatzaren 8an burutu ziren Lanbide Heziketarako sarrera-proben inguruko ebazpenaren berri eman nahi du ohar honen bidez.

Aipaturiko probak burutu eta egun batzuk beranduago, maiatzaren 12an zehazki, ikasle talde batek Gipuzkoako Hezkuntza Ordezkaritzan salatu zuen probetako bat azterketa hasi baino ordubete lehenago filtratu egin zela. Salaketa larri horren aurrean, Heziketa eta Ikaskuntza Zuzendaritzak berehala ipini zuen abian ohiko prozedura. Erreklamazioa jaso eta hurrengo egunean, instrukzio batzorde bat proben antolaketa eta garapenarekin zerikusia zuen oro ikertzen hasi zen, bai eta azterketen zaintza-katea ere. Lehen unetik azaldu zuen Heziketa eta Ikaskuntza Zuzendaritzak, aipaturiko gertaera hori egiaztatuko balitz, proba bertan behera utziko zuela.

Bestetik, matematika azterketaren inguruan ikasle talde batek agertutako kexaren aurrean –edukiak egitarauan aurrez ezarri zen gai-zerrenda gainditzen zuela uste baitzuten- Heziketa eta Ikaskuntza Zuzendaritzak beste bi batzorde tekniko osatu zituen, elkarrekiko independente, azterketa programarekin bat ote zetorren azter zezaten.

Matematika azterketa dela-eta

Matematika proba aztertzeko elkartutako batzorde teknikoek, ziurtatzen dute, azterketa bat datorrela “Goi Mailako prestakuntza zikloetara sartzeko probak ebaluatzeko erreferenteak. Matematika Oinarria” gaiarekin. Azterketa, beraz, bat dator 2008ko apirilaren 13ko Aginduaren VII Eranskinarekin –Lanbide Heziketako Prestakuntza Zikloetarako sarrera arautzen duena, eta 2010eko azaroaren 15eko Aginduak aldatua-. Beraz, ez dago proba errepikatzeko beharrik.

Ustezko filtrazioaren salaketa dela-eta

Beharrezko eginbide informatibo guztiak bideratu ondoren, hauen emaitzetan ez da antzeman aurkeztutako salaketaren egiazkotasuna demostratzen duen pisuzko ebidentziarik. Beraz, probak baliozko izaten jarraitzen du eta ez da indargabe geldituko.

Hala ere, prozedura hauetan nagusi izan behar duten gardentasun printzipioa eta segurtasun juridikoa oinarri hartuta, eta aipaturiko probetan parte hartu zuten pertsona guztien eskubideak egikaritzen direla bermatze aldera, ezohiko beste deialdi bat argitaratuko da. Proba honetara aurkeztu ahal izango dira, 2014ko maiatzaren 8ko probara aurkeztu zirenenetatik nahi duten guztiak.  

Heziketa eta Prestakuntza Zuzendaritzak ezohiko deialdi berria egingo du, ekainaren 5ean proba berri bat burutzeko, aurreko aldian argitaratu ziren zerrendetan agertzen ziren leku berberetan, eta aurreko aldian onartutako pertsonen zerrendan agertu zirenei zuzendua. Maiatzaren 8ko probara aurkeztu ziren pertsona guztiei, bi deialdietako edozeinetan lorturiko emaitzarik onena gordeko zaie, ezohiko deialdira aurkeztu ala ez.

Heziketa eta Ikaskuntza Zuzendaritzak lehentasun gisa hartu du ezohiko deialdi hau albait arinen burutzea, Prestakuntza Zikloetarako matrikulazio epeak direla-eta. Baina nabarmendu nahi du, instrukzioarekin jarraituko duela, salaketan aipaturiko informazio guztia ahalik eta zehaztasun handienez argitu arte.

Era berean, Zuzendaritza honek eskerrak eman nahi dizkie epaimahaiko eta batzorde bietako kideei, eskatutako txostenak aurkezterakoan izan duten bizkortasunagatik eta eraginkortasunagatik.

 

 

 

Gasteizen, 2014ko maiatzaren 17an.