Tapia: Txinako automobilgintzaren sektoreak aukera berriak eskaintzen dizkie euskal enpresei

Tapia sailburua, Juan Ignacio Garcia de Motiloa sailburuordea Txinan ezarrita dauden euskal enpresekin

2014.eko Maiatzak 13

Arantza Tapia sailburuaren eta BMWren Txinako arduradunen arteko bilera

Tapia: Txinako automobilgintzaren sektoreak aukera berriak eskaintzen dizkie euskal enpresei

 

  • Txinan ezarritako euskal enpresek onartu dute atzerrira irten aurretik      plangintza egokia egitea beharrezkoa dela

 Ekonomia Garapen eta Lehiakortasuneko sailburu Arantza Tapia buru duen Euskadiko ordezkaritzak automobilgintzaren sektoreari eta Beijingen ezarritako euskal enpresei eskaini die Txinan emandako lehen eguna.

 Goizean, Tapia eta Industriako sailburuordearen taldea BMWren Asiako ordezkari nagusiekin bildu dira, horien artean, Asiako merkaturako erosketen presidente Philiph Christian Eller-ekin. Bilera Eusko Jaurlaritzaren eta BMWren arteko harremanen ondorio izan da, baita duela zenbait hilabete Eusko Jaurlaritzak Alemaniara egindako bisitaldiaren emaitza ere. Izan ere, BMW multinazionala Euskadiko automobilgintzaren industria osagarriaren bilakaerarako garrantzitsua izan da.

 «Txinan ezarritako euskal enpresak BMWren eta ostegunean bisitatuko dugun SAICen hornitzaile dira; beraz, euskal industria Asiako automobilgintzaren sektorean nola hazi eta bilakatu daitekeen jakiteko interesa dugu», adierazi du Tapiak.

 Ildo horretatik, gero eta handiagoak diren kutsadura mailen ondorioz hiri handien garapenean ingurumenaren faktoreak har dezakeen joerari buruzko BMWko ordezkarien analisia entzun ondoren, Tapiak adierazi du Euskadik aukeratzat hartu behar duela etorkizunean auto elektrikoak erabiltzeko Txinak izan dezakeen beharra. «Hori da egoera eta Txinan oso azkar gertatuko dira aldaketak, beraz, gure enpresek adi eta gizartearen eta merkatuaren beharretara egokitzeko prest egon behar dute», esan du.

 Azken hamarkadan, Txinan, % 537 hazi da automobilgintzaren sektoreko ekoizpena eta % 884 ibilgailu pribatuen erosketa-bolumena.

 Bazkariak euskal enpresekin

Eguerdian, Eusko Jaurlaritzako eta Spriko ordezkariek bazkaria egin dute euskal enpresa batzuekin. Hala, enpresa horiek Txinan izan dituzten bilakaera, erronkak eta beharrak entzun dituzte. Eusko Jaurlaritzaren arabera, Txina lehen mailako herrialdea da, enpresen nazioartekotze-politikari dagokionez, Alemaniarekin, AEBekin eta Mexikorekin batera.

 Bazkarian izan diren enpresaburuek Eusko Jaurlaritzaren analisiarekin bat etorri dira, atzerriko herrialde batean ezartzeko plangintza zorrotza egin behar dela azaldu baitute, are gehiago Txinan «jokabideak eta jarduteko erak oso bestelakoak eta konplexuak baitira».

 Lehen bileran Arteche, Danobat, Fagor Automation, Gamesa, Hine Hydraulic eta Qingdao enpresetako ordezkariak izan dira. Ostegunean, Shangai inguruko gutxi gorabehera hogeita hamar euskal enpresatako ordezkariekin bilduko dira.