Arantza Tapia sailburuak bilera egin du gaur Orion Euskadiko Kofradietako buruekin eta zoriondu egin ditu Autonomia Erkidegoen arteko kuoten banaketa ahalbidetzeko izan duten jarrerarengatik

Bittor Oroz, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuordea, Eugenio Elduaien, Gipuzkoako Kofradiako Presidentea,  Arantza Tapia, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasunerako sailburua eta Iñaki Zabaleta, Bizkaiko Kofradien presidentea

2014(e)ko Martxoak 08

  • Espainiari arrantza tresna txikiko arrantzarako ezarri zaion kuotatik %42,06 Euskadiko flotari dagokio

 

  • Euskadi erabakigarria izan da. Sektoreak erraztu egin du bi urtetan bere kuotaren %2,5a Galiziari uztearekin.

 

  • Eusko Jaurlaritzaren ustez arrantza kuotaren barne banaketa egokia da Gipuzkoako eta Bizkaiko flotek daukaten arrantza ahalmenerako 

Orio, 2014ko martxoak 8.   Eusko Jaurlaritzako  eta Euskadiko kofradietako ordezkariek bilera egin dute gaur Orion aurrerantzean berdelaren arrantzarako zehaztu diren baldintzak aztertzeko eta baloratzeko.

Bileran izan da Arantza Tapia, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasunerako sailburua, Bittor Oroz, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako Sailburuordea, eta Leandro Azkue, Arrantzako Zuzendaria.Kofradietatik berriz, Iñaki Zabaleta, Bizkaiko Kofradien Presidentea eta Eugenio Elduaien, Gipuzkoako Kofradiako Presidentea izan dira beraien talde kideekin.

Aurtonomia Erkidegoetako gobernuak eta arrantza sektoreak eta MAGRAMA ministerioa hilabetetan negoziazioetan aritu ondoren, atzo arratsaldean zehaztu ziren berdelaren arrantzarako baldintzak eta kuoten “barne banaketa”. Eta zehaztutako baldintzak bat datoz aurreko ostegunean Madrilen bildutako mahaiaren gehiengoak onartutakoarekin.

Estatuko %42,06 euskal arrantzaleen esku geratu da

Prozesua abenduan hasi zen, txitxarro eta berdelaren inguraketa arrantzarako kuoten lehen banaketa eginda (Gipuzkoako arrantzalei gehien bat dagokiena), eta, bukatzeko, arrantza tresna txikiko arrantzarako (Bizkaitarrei dagokiena) %42,06ko arrantza kuota zehaztu da euskal flotarako, kontuan izanda estatuari egokitu zaion kuota osoa.

Eusko Jaurlaritzaren ustez banaketa orekatua da eta sektorearen iraunkortasunerako lagungarria izango da. Arantza Tapiaren hitzetan banaketa honetarako ezarri diren irizpideak historikoki gure sektoreak defendatutakoak dira. “Arrantza olinpikoa” delakoa baztertu, eta arrantza zentzuduna, arduratsua eta antolatua egitea da gakoa.

Tapiak adierazi duenez, “Euskadiko arrantza sektorearen keinua erabakigarria izan da azkenean, kostata, arrantza sektoreak eta Eusko Jaurlaritzak eskubide historikoak errespetatzearen alde tinko negoziatu ondoren, kuoten banaketa adosteko. Izan ere, Euskadiko arrantza sektoreak berari dagokion kuotaren %2,5 Galiziako flotari utzi dio eta horri esker izan da posible hori”.

Banaketa honek irizpide sozio-ekonomikoak eta eskubide historikoak kontutan hartu ditu, eta horrexegatik berdelaren arrantzan guztiontzat tokia dagoela ikus daiteke, bai aspalditik berdelaren arrantzan aritu direnentzat baita hasi berriak direnentzat ere. Hala ere, kontutan hartuta akordiorako izan diren zailtasunak, Jaurlaritzak sektoreak erakutsitako jarrera zoriondu  du. Erantzukizunez, lasai, eta akordioa ahalbidetzeko erraztasunak jarri baititu.

Eusko Jaurlaritza pozik dago arrantza baldintzak zehaztu ahal izan direlako, horrek arrantzaren kudeaketa iraunkorragoa, modernoagoa eta aurreratuagoa izatea ekarriko baitu, arrantza mota honetan lehen aldiz izenpetu den kuota banaketan oinarrituta. Banaketa honek, arrantza tresna txikiko arrantzari dagokionez, ondo erantzuten die, bereziki, Bermeoko eta Hondarribiko portuen interesei, arrantza tresna hauek darabiltzaten ontzi gehien dituzten portuak baitira.

Hitz batean, Eusko Jaurlaritzaren iritziz Madrilekin lortutako akordioak euskal exekutiboak legegintzaldiaren hasieratik markatuta izan duen helburuari erantzuten dio; izan ere, Euskadiko arrantzaleen interesak Espainiaren aurrean eta Europako instantzien aurrean defendatzeko konpromisoari eustea zuen helburu, arrantzaleek arrantza iraunkorrarekin eta artisautzakoarekin konprometituta daudelarik.