Euskadiko delinkuentzia bi mila delitu eta faltatan murriztu da 2013an
2014(e)ko Urtarrilak 23
Arau-hausteak zigor moten arabera banakatuz gero, hilketak 13 izan dira (12 izan ziren aurreko urtean), eta guztiak argitu ditu Ertzaintzak bat izan ezik.
Ondarearen aurkako delituak eta faltak -haien barruan lapurretak, ebasketak eta kalteak daude, eta delituzko jardueraren % 70 inguru izan ohi dira- 65.152 izatetik 64.190 izatera igaro dira, eta bereziki nabarmentzekoa da indarra erabiliz egindako lapurreten % 29ko beherakada.
Lesio-delituak eta pertsonen aurkako faltak, berriz, 12.312tik 12.161ra igaro dira; droga-trafikoarekin zerikusia dutenak 306tik 259ra; orden publikoaren aurkako delituak 1.298tik 1.217ra (2009an hasitako beheranzko joerari eutsi zaio), eta alkoholemiak 1.792tik 1.532ra igaro dira. Genero-indarkeriako delituek izandako murrizketa ere nabarmendu beharra dago (3.841etik 3.733ra), behera egin duten lehen aldia baita sistematikoki zenbatzen direnetik.
Lurraldeei dagokienez, Arabak izan du balantzerik onena -arau-hauste penalak 13.748tik 12.813ra murriztu dira-; ondoren Gipuzkoak -23.860tik 23.104ra-, eta azkenik, Bizkaiak -53.045etik 52.901era-.
Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak Eusko Legebiltzarreko Erakunde, Segurtasun eta Justizia Batzordean agertzea eskatu du, iaz egin zuen moduan, 2013ko delitu eta falten urteko txostenaren berri emateko.