Argitalpen-data: 2014/01/09

Bake eta Bizikidetza Planari buruz adituek eginiko txostenak Euskadiko bake-prozesua Ipar Irlandako eta Hegoafrikakoarekin parekatzen du

Fuente: Irekia - Gobierno Vasco

Estatu Batuetako hainbat erakunde akademikotako nazioarteko aditu talde batek egin duen Bake eta Bizikidetza Plana Ebaluatzeko txostenak haren izaera adiskidetzailea eta inklusiboa baloratzen du. Izan ere, Bake eta Bizikidetzarako idazkari nagusi Jonan Fernandezek azaldu duenez, gizartea barnean hartzearen aldeko apustu horrek «paregabe» bihurtzen du prozesua, eta parekagarri, beraz, arrakasta izan zutenekin (Ipar Irlanda eta Hegoafrikakoekin adibidez).Txostenaren arabera, iraganaren, orainaren eta etorkizunaren arteko orekari eusten dio planak.

Bake eta Bizikidetzarako idazkari nagusi Jonan Fernandezek Legebiltzarrean aurkeztu du Ameriketako Estatu Batuetako lau erakunde akademikotako eta USIPeko hamaika irakasleren txostena. Seton Hall Universityko Andrea Bartoli eta Borislava Manojlivic irakasleek koordinatu dute txostena. Eusko Jaurlaritzak Bake eta Bizikidetza Planaren zirriborroa bidali zien adituei, egokitzat jotzen zituzten gomendioak egin zitzaten.

Jaurlaritzak gauzatuko dituen planaren hainbat gomendio daudela azaldu du Fernandezek; biktimek modu «seguruan» hitz egin dezaketen toki bat sortzea, adibidez. Bake eta Bizikidetzarako idazkariaren iritziz, «ospe handiko» adituek eta akademikoek egindako txosten horrek «onespena» ematen die Bake eta Bizikidetza Planari zein Jaurlaritzari, haren egituraren, metodologiaren eta ikuspegi parte-hartzailearen balorazio positiboa egiten baitu.