AZTI-Tecnalia Saudi Arabiako KFUPM unibertsitatearekin lankidetzan arituko da Arabiako golkoan arrantza jasangarria bermatzeko proiektu batean
2013(e)ko Maiatzak 24
Eusko Jaurlaritzak azpimarratu du sinatutako kontratua 1,3 milioi eurokoa dela, eta balio erantsia duela AZTI-Tecnaliarentzat, lankidetza-esparru garrantzitsu bati ekin baitzaio harekin, etorkizunean beste ezagutza-arlo batzuetara zabalduko dena.
Arrantza-espezieen eta haien habitaten gaur egungo egoera ezagutzea da King Fahd University of Petroleum and Minerals (KFUPM) eta AZTI-Tecnalia zentro teknologikoaren arteko lankidetza-proiektuaren helburu nagusietako bat.
Jasotzen den informazioa Saudi Arabiako arrantza-jardueraren esparru estrategiko bat ezartzeko oinarri zientifiko eta tekniko gisa erabiliko da.
KFUPM funtsezkoa da Saudi Arabiako Nekazaritza Ministeriorako. Izan ere, ezagutza zientifikoan oinarritzen ditu hark bere politikak.
AZTI-Tecnalia eta Saudi Arabiako King Fahd University of Petroleum and Minerals (KFUPM) unibertsitatea lankidetzan arituko dira Arabiako golkoko uretako arrantza-tokiak modu jasangarrian kudeatzeko oinarri zientifiko eta tekniko gisa erabiltzeko ikerketa-proiektu bat egiten. Eusko Jaurlaritzak nabarmentzen du akordioak agerian uzten duela oso garrantzitsua izan dela AZTI-Tecnaliak espezializazioaren alde eta bere ezagutza-arloetan nazioarteko erreferentzia izatearen aldeko apustua egin izana.
Aurreikusitako azterketen bidez, Arabiako golkoko uretako arrantza-tokien gaur egungo egoeraren eta espezieen dinamiken berri izango da, eta stocken ebaluazioa egin ahal izango da. Bi erakundeetako ikertzaileek arrantza-baliabideen jasangarritasunerako ezinbestekoak diren zenbait habitaten egoera aztertuko dute; besteak beste, hauenak: koralezko arrezifeak, itsas fanerogamoen belardiak, mangladiak eta hondo arrokatsuak. Habitaten azterketak, nagusiki, errunaldi- eta hazkuntza-eremuak izango ditu ardatz, eta golkoko ekologia- eta arrantza-emankortasuna sakon ezagutzeko balioko du.
Hango uretan erabiltzen diren askotariko arrantza-metodoek eragindako ingurumen-inpaktuak ere izango dira aztergai. Kontuan hartuko dira, bereziki, arraste-arrantzak itsas hondoetako habitatetan duen eragina eta arrantza-aparailu guztiek zer eragin duten arrantza-flotaren helburu ez diren espezieak nahi gabe harrapatzean.
Proiektuaren emaitzak lagungarriak izango dira arrantzaren eraginkortasuna hobetzeko eta ekoizpen-kostuak gutxitzeko, arrantza-jardunbide jasangarriak ezartzeko, ingurumen-inpaktuak gutxitzeko, baliabide naturalak babesteko eta itsas bizitzaren dibertsitatea aprobetxatzeko.
KFUPM, Saudi Arabiako Nekazaritza Ministeriorako funtsa
King Fahd University of Petroleum and Minerals (KFUPM) unibertsitate publikoa 1963an sortu zen, eta 14 fakultate ditu. Times Higher Education-QS World University Rankings 2012 zerrendak 208. postua eman dio munduko unibertsitateen artean, eta haren matematika-fakultatea munduko 50 onenen artean dago. KFUPM funtsezkoa da Saudi Arabiako Nekazaritza Ministeriorako. Izan ere, ezagutza zientifikoan eta unibertsitate horrek eskaintzen duen aholkularitzan oinarritzen ditu hark bere politikak.
AZTI-Tecnalia, nazioarteko erreferentziako zentro teknologikoa
Egiaztatutako esperientziari eta ikerketen zorroztasunari esker, gero eta herrialde gehiagok dute konfiantza AZTI-Tecnaliarengan, itsasoari eta haren baliabideei lotutako azterketak egiteko. Nazioartean duen eragina erakusteko, nabarmendu behar da zentro teknologikoak akordio bat sinatu zuela Txinako Ingurumen Zientzien Akademiarekin, itsasoko eta kostaldeko ingurumena zaintzeko eta leheneratzeko I+Gko proiektuak garatzen.
AZTI-Tecnalia nazioartekotzeko prozesua 2000. urtean hasi zen: hainbat proiektu sinatu ziren Txilen, Ekuadorren eta Argentinan. Hurrengo urteetan, zerrenda luzatu egin zen, eta, besteak beste, herrialde hauek gehitu zitzaizkion: Indonesia, Panama, Peru eta India. Azkeneko herrialde horretan, fruten eta zerealen prozesuetako azpiproduktuak balorizatzen dihardu gaur egun.
AZTI-Tecnaliako adituei herrialde askotatik eskatzen diete arrantzara bideratutako teknologia transferitzeko programak emateko; esate baterako, herrialde hauetatik: Boli Kosta, Senegal, AEB, Mexiko, Panama, Ekuador, Venezuela, Kolonbia, Marshall uharteak, Mikronesiako Estatu Federatuak, Txina, Taiwan, Filipinak, Seychelle uharteak, Madagaskar, Frantzia, Espainia, Islandia eta Faroe uharteak.