Azken eguneratzea: 2012/01/23

Lehendakariak lankidetza protokoloa izenpetu du Gaztela eta Leongo presidentearekin

Protokoloaren helburua da bi erkidegoetan eragina duten gaiei ekitea lankidetza eta leialtasun instituzionala abianpuntu hartuta

Iturria: Irekia - Eusko Jaurlaritza

Gaur Valladoliden sinatu den protokoloa Euskadiren eta Gaztela eta Leonen arteko lehenengo hitzarmena da, eta gure ondoko beste erkidego batzuekin sinatutakoen ildo beretik doa, hau da, beren eremu mugakideetako biztanleen bizi-kalitatea hobetzea ahalbidetzen du. Osasungintzaren alorrean, protokoloak leku bakoitzean ematen diren zerbitzuak antolatzen ditu, eremu bakoitzeko osasun arreta hobetzeko xedez. Gainera, eremu espezifikoak aurreikusten ditu genero indarkeria pairatzen duten emakumeentzat, harrera-zentroak eskaintzen baitizkie. Orobat, akordioak proiektu bateratuak bultzatzen ditu I+G+b sustatzeko, eta baita internazionalizazioa ere, kanpora ateratzeari eta ETEen posizionamendua hobetzeari begira.

Lehendakariak bidaia egin du gaur Valladolidera, Iñaki Arriola Garraio Sailburuarekin, Rafal Bengoa Osasun Sailburuarekin eta Manu Salinero Lehendakaritzako Idazkari Nagusiarekin batera, Gaztela eta Leongo Juntako Presidenteak gidatutako ordezkaritza batekin bilera ofiziala izateko eta bi erkidegoen arteko lankidetza hitzarmen bat sinatzeko.

Osasunaren alorrean, protokoloak zehaztu du eremu mugakideetako emakumeentzako eta emergentzientzako arreta bide egokienaren bitartez emango dela kasu bakoitzean, eta lankidetza mantenduko dela lehen arretan, arreta espezializatuan, arreta soziosanitarioan eta teknologia berrien arloan. Halaber, protokoloak eremu espezifikoak aurreikusten ditu genero indarkeria pairatzen duten emakumeentzako harrera zentroetara deribatzeko prozeduretarako, horien koordinazioa elkarrekin lantzeko.

Gaztela eta Leongo Juntak eta Eusko Jaurlaritzak garraioaren alorreko jardueren koordinazioa ere sartu dute protokoloan. Alde horretatik, Burgosen eta euskal Y-aren arteko konexioa egin dadila exijituko dute.

Gure ondoko beste erkidego batzuekin eta berriki eratutako Euroeskualdearekin sinatutako protokoloen ildotik, Eusko Jaurlaritzak espero du protokolo honek ahalbidetuko duela Gaztela eta Leonekin dauden harremanak eta elkarlana optimizatzea, interes komuneko arloen lana hobetu ahal izateari begira.