Azken eguneratzea: 2012/09/12

'Erosi arraina euskaraz' kanpaina Oarsoaldean

Oarsoaldeko (Gipuzkoa) lau udalek, Euskara Batzordearen bitartez, Erosi arraina euskaraz kanpaina jarri dute martxan. Eskualdeko arrandegietako 18 produktu ohikoenen izenak eta prezioak jartzeko txartel eta panelak banatzen dabiltza; eta urrian arrandegietako produktuak erabiliz egindako errezeten lehiaketa egingo dute.

Pasaia, Errenteria, Lezo eta Oiartzun udalerriek osatzen duten eskualdeko euskara zerbitzuak 15 urte darama merkataritzan eta ostalaritzan euskararen normalizazioa sustatzeko lanean. Ekintza desberdinen bitartez, besteak beste doako aholkularitza zerbitzua eskainiz, saltokietan euskararen presentzia handituz doa.

Horrez gain, azken bi urteotan urtero Oarsoaldeko Euskara Batzordeak merkataritza sektore edo gremio bat hautatu ohi du eta berarekin ahalegin berezi bat egin.

2012an arrandegiekin ari dira lanean eta bi ekimen prestatu dituzte sektore horri atxikita. Batetik, arrandegietako 18 produktu ohikoenen prezioak jartzeko txarteltxo bereziak banatzen dabiltza; txartel horiek hutsune bat dute bertan arrainaren irudia, izena euskaraz eta prezioa jartzeko. Txarteltxoez gain, arrainen irudiak eta izenak euskaraz azaltzen dituen panel handi bana ere banatuko zaie nahi duten arrandegi guztiei.

Bestetik, urriaren 1etik 31ra arrandegietako produktuak erabiliz egindako errezeten lehiaketa egingo dute. Errezetek euskaraz idatzita egon beharko dute eta arrandegietan jarritako kutxatan utzi beharko dira. Horren ostean, lau herrietako hainbat gastronomia elkartetako ordezkariek osatutako epaimahaiak aukeratuko ditu irabazleak. Herri bakoitzeko irabazleak errezeta entregatutako arrandegian gastatzeko 100 euroko erosketa txartela eskuratuko du.