Azken eguneratzea: 2011/06/16

FIBA-k Emakume Jokalarien elastikoak eta galtzamotzak estutzeko hartutako erabakiaren kontra agertu da EMAKUNDE

Erabaki sexista dela uste du eta ez duela zerikusirik jokalekuetan besteen gainetik gailendu behar diren kirol baloreekin 

Nazioarteko Saskibaloi Federazioak (FIBA) Euroligako datorren denboraldian emakume jokalarien elastikoak eta galtzak estutzeko hartutako erabakiaren aurrean, Emakundek-Emakumearen Euskal Institutuak bere aurkako iritzia agertu du. Emakunderen iritziz, FIBAk hartutako neurria ekipamendua erakargarriagoa izateko eta ondorioz emakumeen saskibaloia bultzatzeko hartutako erabakia dela esan arren, neurri sexista da eta ez du zerikusirik jokalekuetan besteen gainetik gailendu behar diren kirol baloreekin.
Emakundek bere babesa ematen die neurri honen kontra agertu diren Saskibaloi Jokalarien Elkarteari (AJUB) eta zenbait talde eta jokalariei, eta galdetzen du zergatik ez duen Federazioak neurri bera hartzen gizonezkoekin. Honekin batera, gogoratzen du gizarteko hainbat alorretatik emakumeak objektu bezala soilik ikusiak izan ez daitezen lana egiten den bitartean, honelako neurri batek atzera pausua suposatzen duela. 
Emakunderen iritziz, FIBAk emakumezkoen saskibaloia bultzatu nahi baldin badu, baditu beste bide batzuk, adibidez kirol munduan emakume eta gizonen berdintasuna bultzatuko duten neurriak hartzea.
FIBAren arauak dio galtzamotzak eta elastikoak estuagoak behar dutela izan, gorputzaren biribilgune eta inguruari jarraiki; elastikoak jokalariaren sorbalda agerian utzi behar duela; galtzamotzak inoiz ez direla egon behar bi zentimetro baino gehiago telaren eta larruazalaren artean; eta, besteak beste, galtzamotzak, gutxienera jota, belaunak baino hamar zentimetro gorago egon behar dutela.
 
Emakundeko prentsa bulegoa. 945-016721.