Azken eguneratzea: 2011/07/14
Lehendakariak IDOMen egoitza berria bisitatu du
Lehendakariak, Industria, Berrikuntza Merkataritza eta Turismoko sailburu Bernabé Undarekin batera, IDOMen egoitza berria bisitatu du gaur goizean, Bilbon, Zorrotzaurre auzoan. Nabarmentzekoak dira eraikinaren ingeniaritza eta arkitektura, iraunkortasunean eta energia aurreztean oinarrituta.
Iturria: Irekia - Eusko Jaurlaritza
Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritza osatzeko, bertan izan dira Pedro Gómez Damborenea, Juan Goicolea eta Xabier Garmendia sailburuordeak; izan ere, bertatik bertara ezagutu nahi izan dute IDOMen proiektua Bilbon. Haiekin batera izan dira Fernando Querejeta, IDOMeko presidentea, Luis Rodríguez Llopis, zuzendaria, eta Alberto Tijero, Bilboko bulegoko zuzendaria.
Eraikinean barrena egin duten ibilaldian, proiektuaren egile den Javier Perez Uribarri arkitektoak konpainiaren egoitza berriaren ezaugarriak azaldu dizkie; eraikinean, lehendik zeuden elementuak beste berri batzuekin nahastu dira. Eraikinak 13.000 metro koadro ditu eta eraginkortasun energetikoko sistemarik berritzaileenak erabiltzen ditu. Kontsumo txikiko ekipo sanitarioak, euri-ura estalkian biltegiratzea lorategia ureztatzeko, argiak automatikoki erregulatzeko sistema, eguzkitik asko babesten duten xafla handiekin estalitako fatxada eta airea barreiatzeko eta girotzeko ura baliatzen duen sistema dira berritasun horietariko batzuk.
Baliabideak hobeto aprobetxatzeko, hainbat koloretako habe metalikoz osatutako sistema bat diseinatu eta instalatu da, elementu bakarrean biltzeko airea girotzea eta argiztapena. Horrekin guztiarekin ezaugarri bereko eraikin baten energia-kontsumo normalaren % 60 aurreztea aurreikusten da.