Arkautiko Akademiak elitezko polizia-tiratzaileak hezteko eskola propioa izango du
2011(e)ko Ekainak 20
Europako aditu onenetako batek Akademiak ematen dituen tiro-ikastaroetako batean kolaboratzen du
Arkautiko Akademia poliziako tiro-irakasle izango direnentzako ikastaro berezi bat ematen ari da egunotan. Akademiatik gidatuko den tiro-eskola propio baten oinarriak ezartzea da ikastaro honen helburua, Ertzaintzako zein EAEko Udaltzaingoetako agenteak hezteko. Gaian aditua den espezialista suediar ezagun batek ikastaroaren lehen eskoletan kolaboratuko du.
Euskal Herriko Polizia Ikastegia maila altuko tiro-irakasleentzako heziketa eta hobetze ikastaro bat hartzen ari da egunotan. Akademia propioko zenbait irakasleren, zein Ertzaintzako eta Euskadiko Udaltzaingoetako beste hainbat agenteren, trebakuntza sustatzea da ikastaroaren helburu nagusia, tiro-eskola propio baten oinarriak finkatzeko. Ikastaroaren lehen edizioan, Tarmo Kopakka tiratzaile suediarra (Sig-Sauer Academy-ko irakasle nagusia) parte hartzen ari da; Kopakka, 25 urteko ibilbide batekin, Europako aditu garrantzitsuenetako bat da su-armen heziketan.
Hezkuntza-ikastaroa hiru txandatan banatuta dago eta, orotara, Ertzaintzako eta Udaltzaingoetako 60 agentek hartuko dute parte. Ikastaroaren lehen txanda azken asteburu honetan hasi eta datorren asteazkenean amaituko da, 60 orduko hezkuntza tekniko eta praktiko batekin. Hurrengo bi txandak uda baino lehen garatuko dira ziur aski.
Irakasle suediarrak eskola teorikoak eta praktikoak emango ditu Akademiako instalazioetan, tiro-ikasgaia zeharka landuta. Gainera, alor juridikoan, su-armen erabilera legalaren oinarri deontologikoak eta araudi espezifikoa ikasiko dira. Alor tekniko eraginkorrean, tiro-teknika polizialak eta tiro-programen elaborazioa landuko dituzte. Alderdi medikoan, berehalako mediku-atentzioa eta balaz zauritutako pertsonekin jarraitu beharreko jarduera-protokoloa aztertuko dituzte. Azkenik, armamenduaren alderdi tekniko-mekanikoari ekingo zaio.
Komunikabideen asistentzia
Interesa duten komunikabideak Arkautira joan daitezke bihar, asteartea, 11:00etan, informazio honen berri emateko eta irakasle suediarrari zein gainontzeko parte-hartzaileei elkarrizketak egiteko. Horretarako, Herrizaingo Saileko Prentsa Zerbitzuarekin jarri behar dira harremanetan, 94-607.92.82 eta 945.06.42.11 telefonoetan edo prensa@ertzaintza.net helbide elektronikoan. Akreditazioa lortzeko, izena, lehen bi abizenak, NAN zenbakia, komunikabidea eta Akademiara joateko erabiliko den ibilgailuaren eredua eta matrikula zehaztea beharrezkoa da.