Azken eguneratzea: 2011/04/13
Euskadi oinarri hartzen ari da Mexikon, eta harremanak sendotzen
Eusko Jaurlaritzako Kanpo Ekintzako Idazkari Nagusi Guillermo Echenique González jaunak 3 eguneko bisita ofiziala egin du Mexikon
Mexikoko irabazi-asmorik gabeko elkarte nagusietakoak, Emprebask eta Sukalde, aurkezteko egingo den ekitaldian egongo da, apirilaren 14an.
México, D.F. 2011ko apirilean.- Eusko Jaurlaritzako Kanpo Ekintzako Idazkari Nagusi Guillermo Echenique González jauna Mexikon egongo da bisitan apirilaren 13, 14 eta 15ean, Euskadi eta Mexikoren arteko harremanak sendotu eta bultzatzeko helburuz.
Apirilaren 14an egingo da Emprebask eta Sukalde Mexikon ezagutzera emateko ekitaldia, eta hantxe izango da Echenique, gonbidatu berezi gisa.
EmpreBask eta Sukalde irabazi-asmorik gabeko elkarteak dira, eta Euskadi eta Mexikoren arteko lan-sareak sortzeko egiten dute biek ere lan:
- Sukalde elkarteak, sukaldari euskaldun, mexikar eta beste herrialdetako sukaldarien elkarlanaren bitartez, euskal gastronomiaren eta kulturaren hedapena egin nahi du Mexikon.
- EmpreBask México elkarteak, halaber, Euskadiko eta Mexikoko enpresarien artean eta erakundeen artean merkataritzako loturak indartu nahi ditu, sinergiak sortzeko moduko ekintza, tresna eta zerbitzuen bidez.
Kanpo Ekintzako Idazkari Nagusiak euskal kolektiboari ere egingo dio bisita Mexikon, eta Mexikoko Kanpo Ekintzako Idazkariarekin elkarrizketa dauka hitzartuta. Horrez gain, herrialde hartan ezarrita dauden euskal sukaldariekin eta euskal enpresetako ordezkariekin bilduko da, bai eta Mexikoko hiriburuko Euskal Etxeko lehendakari izendatu berriarekin ere, El Salvador-eko Euskal Etxeko lehendakariarekin, Mexikon Biarritzeko Foroak daukan ordezkariarekin, eta Herritarren Parlamentuko Lehendakariordearekin.
Apirilaren 16an, Echenique Bogotára abiatuko da, Kolonbiara, Euskadi eta Latinoamerikaren arteko harremanak sendotzen jarraitzera.