Azken eguneratzea: 2011/03/25

Lehendakaria BBK, VITAL KUTXA eta KUTXAKO presidenteekin bilduko da

Lehendakariak euskal kutxen presidenteak hartu ditu eta hasi duten bateratze prozesua amaitzera animatu ditu
"Euskadik kutxa indartsu bat behar du, kanpoan lehiatzeko bermea izan dezan"

Iturria: Irekia - Eusko Jaurlaritza

Patxi López lehendakaria Euskadiko hiru aurrezki kutxen presidenteekin —Mario Fernandez (BBK), Xabier Iturbe (Kutxa) eta Carlos Zapaterorekin (Vital Kutxa), alegia— bildu da gaur eguerdian. Presidenteok ofizialki eman diote asteazkenean lortutako akordioaren berri lehendakariari eta azaldu diote hiru aurrezki kutxen finantza jarduera batzeko prozesua hasiko dutela banku lizentzia baten bidez eta hiru aurrezki kutxek izaerari eta organoei eutsiko diotela (“Fusioa hotza” deitutako formula, Babes Sistema Instituzional baten bitartez gauzatuko dena).

Lehendakaritzan egin da bilera eta ordu bete baino gehiago luzatu da; Carlos Aguirre Ekonomia eta Ogasun sailburua ere bertan izan da. Lehendakariak ostegunean berria jakin bezain laster egin zuen bezala, zorionak eman dizkie presidenteei emandako urratsarengatik, “Euskadik kutxa indartsu bat behar duelako, gure lurralde osoa hartu eta hortik kanpo lehiatzeko bermea izan dezan”.

Ildo horretan, lehendakariak hiru euskal kutxen arduradunak animatu zituen lanerako gogo onez eta elkar ulertzeko borondatez ekin diezaioten hasitako bidearen hurrengo etapei eta prozesua burutu dezaten hiru erakundeen finantza jarduera eta aportatu nahi dituzten negozio arloak batuko dituen banku bat eratuz. “Hasi duzuen prozesuak behar izan duen laguntza guztia jaso du eta behar duen laguntza guztia jasoko du Eusko Jaurlaritzatik eta Jaurlaritzari eusten dion alderditik”, gehitu du.

Lehendakariak, halaber, presidenteei eskatu die euskal gizartearekiko konpromisoari eusteko eta ekoizpen sareak behar duen likidezia emateko, batez ere, enpresa txikiei eta autonomoei.