Azken eguneratzea: 2011/08/25
WikiHouse: Creative Commons lizentzia duten planoak, etxebizitzak eraikitzeko
Planeta osoko diseinatzaile ugarik sortu eta partekatu dituzten etxe osoak eta bestelako osagaiak deskarga daitezke
WikiHouse
proiektua ideia sinplea da, baina potentzial handia du: edozein pertsonak, baita gai horietan aditu ez direnek ere, etxebizitzak eraikitzeko egiturak deskargatzeko eta eraikitzeko aukera izatea, guztien eskura egotea, eta bakoitzaren beharretara moldatzea.
Planoak CNC tornu batentzako argibide bihur daitezke, makinak egur-tauletan ebaki beharreko piezak ebaki ditzan. Pieza horiek etxebizitza bat osatzen dute, 3Dko buru-hausgarri bat bezala.
Eraikalen, albiste hau argitaratu zen: Arkitektura-zerbitzu berriak Mexikon: etxebizitza-planoen salmenta sarean
. Berrian azaltzen zenez, Cazaplano
webgunean aurretik diseinatutako etxebizitzen planoak eros daitezke.
Eraikalen, beste albiste hau ere argitaratu zen: Etxebizitzen antolamendu-planoen on line datu-basea
. Berri horretan, de.planos
ekimena aipatu zen; ekimen horren bidez, etxebizitzen planoak doan lor daitezke.
Architecture For Humanity
irabazi-asmorik gabeko zerbitzu bat da. 1999an sortu zen, eta diseinu-, eraikuntza- eta garapen-zerbitzuak eskaintzen ditu, behar larriak dituzten tokietan. Ezagutza-trukea eta jardunbide egokiak sustatzeko, sare irekiko arkitektura
garatu dute. On line sare berritzaile horri esker, arkitektoek, diseinatzaileek, eraikitzaileek eta bezeroek arkitektura-planoak eta marrazkiak parteka ditzakete, baita CAD fitxategiak ere. Plano guztiak kode irekiko eredu baten bidez partekatzen dira, eta guztiek deskarga ditzakete, askatasun osoz.
Valentzian 2009an egin zen Arkitektoen IV. Kongresuan Fernando G. Valderrama arkitektoak aurkeztutako komunikazioan azaldu zuenez —Dejad que florezcan mil DIN-A4 ¿Hay vida antes, durante y después del proyecto? izenburua zuen
, eta Eraikalen jasota dago (2011/04/05) -, bere ustez, arkitektoek pentsatzen dute beren lanaren zatirik handiena planoak egitea dela. Hala ere, proiektu arrunt baten ordainsarien erdia baino gehiago DIN-A4 formatuan ematen diren dokumentuengatik jasotzen da, edo proiektuaz kanpokoak diren lanengatik, eta proportzioa etengabe handitzen ari da. Dioenez, arkitektoak trebakuntza handia du, gizarteak eta enpresa modernoek gehien eskatzen dituzten ezagutza eta zeharkako gaitasunak ditu, baina ez ditu aprobetxatzen, eskolan jasotzen duen kontrako baldintzapenarengatik. Lanbidearentzako etorkizun bideragarria izateko, arkitektoen gehiengo handi batek lanbidearen ohiko eremuetatik kanpo lan egiten hasi behar du, orain arte ez-onargarritzat jo diren eremuetan, hain zuzen.
Iturria: Construnario
, 2011/08/24