Azken eguneratzea: 2011/05/16

Doktoretza-tesia: Fabrika-arkuen birgaitzea indartze-sistema osagarri baten eta minimoki inbaditzaile baten bidez

Leire Garmendia ingeniariak aurkeztu zuen UPV/EHUn, eta BTRM osagaiaren bidez fabrika-arkuak birgaitzea aztertzen du

Harrizko fabrika-arkuak eraikin historiko ugariren zati dira, adibidez, erlijio-eraikinak, zubiak, pasabideak edo akueduktuak. Egitura solidoak diren arren, ingurumen-baldintzek eta karga, erabilera eta istripu-egoeren historiak hondoratzea eragin diezaiokete eta, ondorioz, arkitektura-ondarea galdu. Leire Garmendia industria-ingeniariak arku horiek birgaitzeko indargarri-sistema berritzaile bat aztertu du, ez oso inbaditzalea eta ohiko metodoak kudeatzen baino errazagoa. Europako bere tesia Rehabilitation of masonry arches by a compatible and minimally invasive strengthening system deitzen da (Fabrika-arkuen birgaitzea indargarri-sistema bateragarri eta minimoki inbaditzailearen bidez).

Proposatutako soluzioa, zehazki, BTRM (Basalt Textile-Reinforced Mortar) deitutako material konposatu batez oinarritzen da. Matrize ez-organiko batean txertatutako basalto-ehunen sorta bat da (zehazki, zementuz libre dagoen eta polimeroz eraldatutako morteroa). Bere ikerketaren bidez, Garmendia harrizko arkuen jokabideari buruzko ezagutza handiagoa ematen saiatu da, baita arku horiei aplikatutako BTRM sistemaren eraginkortasunari buruz ere.

Ikertzaileak frogatu ahal izan duenez, BTRMaren osagaien ezaugarri fisiko-kimikoei esker (erresistentzia goi-tenperaturetan, ur-lurrunari iragazkorra izatea, malgutasuna), material konposatu hau bateragarria da arkuetan indartu beharreko elementuekin. Gainera, teknologia hau fabrika-obretarako erraz aplikatzen da eta, bereziki, geometria konplexuetan, adibidez, arkuak edo gangak. Gainera, kostu lehiakorra du gaurdaino baliatutako metodo indargarri ohikoenen aldean.

Goian aipatutako ondorioetara heltzeko garatutako lanak ikuspegi integral batez planteatu dira, soluzio indargarri hau harrizko fabrika bati eta, zehazkiago, bere harlanduari aplikatuz.  Lehenik eta behin, fabrika osatzen duten materialen karakterizazio minerologiko eta mekanikoko saiakerak egin dira, nola material bakoitzarena hala multzo osoarena. Azken honetarako, gainera, 24 probeta prismatiko egin dituzte eskala erdira, eta material mota (mortero eta harria) zein bere aparailua aldakorrak dira. Ondoren, adierazitako indargarri-sisteman sakondu dute, basalto-ehunaren, matrize ez-organikoaren eta matrize-ehun konposatuaren gainean saiakera fisiko-kimikoak eginez.

Hirugarren etapan, hamabi arkuren gainean egin dute saiakera hondoratzea eragin arte desplazamendu bidezko kontrol-teknikak baliatuz. Arku horiek aldaera desberdinen arabera eraiki eta indartu dituzte, nola tipologiari dagokionez (harlandua, dobela artean morteroa duela edo ez) hala indargarriari dagokionez (BTRM gabe, intrados edo arkuaren behealdeko gainazalean, trasdos edo arkuaren gaineko gainazalean eta bien bidez). Bukatzeko, askotariko kalkulu metodoak erabili dira proposatutako soluzio indargarriaren eragina matematikoki ebaluatzeko.

Ondorioz, doktoretza-tesian lortutako emaitza esperimentalek erakutsi dutenez, BTRM sistema eta indartu beharreko harrizko fabrikaren dagokion geruza bateragarriak dira, arku antzeko egiturak indartzeko haren eraginkortasun mekanikoa balioztatzeaz gain. Horrenbestez, egiaztatu dute soluzio indargarri hau metodo tradizionalagoen alternatiba onena izan daitekeela.

Iturria: Euskadi+innova Enlace externo, 2011/05/12