|
Kalitatearen eta Bikaintasunaren Europako XIV. Astean (2008ko azaroaren 17tik 28ra), Eraikal-eko eragile traktoreek zuzendutako hainbat ekimen barne hartu dira:
Azaroaren 18an “Kalitatearen kontrolaren kudeaketa” izeneko softwarea aurkeztuko du Bizkaiko Aparejadore eta Arkitekto Teknikoen Elkargo Ofizialak. Eraikuntzaren Kode Teknikoa eta eraikuntzako kalitatearen kontrolari buruzko EAEko araudia betetzeko beharrezkoa den dokumentazioa osatzeko balio du software horrek.
Halaber, kalitatea kontrolatzeko plana eta liburua lantzeko lagungarria da.
Planari dagokionez, Eraikuntzaren Kode Teknikoan (EKT) eta Eusko Jaurlaritzaren urriaren 22ko 238/1996 dekretuan ezarritakoari jarraitu behar zaio. Planaren xedea da indarrean dagoen araudia betetzen dela egiaztatzea eta, horretarako, kalitatearen kontrola egiteko mekanismo egoki bat sortu da, eta proiektuko dokumentuak kontuan hartuta, obra gauzatzean erabiltzen diren materialen, obra-unitateen eta instalazioen egokitasun teknikoa ziurtatzen da.
Kontrol-liburua lantzeko kontuan hartu dira 238/1996 dekretua, urriaren 22koa eta eraikuntzan kalitatearen kontrola arautzen duena, eta 2008ko apirilaren 16ko agindua, Eusko Jaurlaritzaren kalitatearen kontrolerako liburua osatzeko fitxa normalizatuak argitaratzeko agintzen duena.
Azaroaren 20rako antolatu dute Orubide-k, Visesa-k, Alokabide-k eta Bizigune-k “Berrikuntzarako ideiak. Berrikuntza irekia” topagunea. Prozesuak hobetzeko berrikuntzaren garrantzia azpimarratzen da, bai eta erakundeko zein erakundetik kanpoko pertsona guztien parte-hartzeak duen garrantzia ere.
Eraikal-eko eragile traktore batek zuzenean antolatu ez badu ere, Euskalit-ek azaroaren 20rako antolatutako ekimena azpimarratu behar da: 5S jardunbide egokien VI. Topagunea. Eraikal-en garbi dugu 5S tresna oso erabilgarria dela eraikuntzako enpresetarako, hortaz, aurten berau ezartzeko dirulaguntzen lerro berri bat sortu da, Euskalit-en 5S klubarekin eta dagozkion aitorpenekin bat datorrena.
|