Azken eguneratzea: 2008/10/20
UNE 150.301-etik ISO 14006-ra: diseinu eta garapen-prozesuaren ingurumen-kudeaketa
UNE 150.301 Araua oinarri hartuta, ekodiseinuari buruzko nazioarteko ISO araua prestatuko duen lantaldeko kide da Ihobe sozietate publikoa (Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailekoa), AENOR erakundearekin, Fagor Electrodomésticos enpresarekin eta nazioarteko beste aditu batzuekin batera.

Ekodiseinua bultzatzeko eta sustatzeko eginiko lan aitzindariagatik dago Ihobe aipatutako lantaldean. Ekodiseinuari buruzko UNE 150.301 Arauaren nazioarteko bertsioa prestatuko duen adituen batzordearen lehenengo bilera irailaren 29tik urriaren 1era izan zuten, Bilbon.

Ihoberen laguntzarekin ekodiseinua lantzen hasi ziren euskal enpresa aurreratuek eskatuta sortua da 2003az geroztik indarrean dagoen arau hori. Gai horri emandako bultzadaren errekonozimendu gisa, hain zuzen ere Ihobe sozietate publikoaren esku egon zen ekodiseinuari buruzko UNE 150.301 Araua garatu zuen lantaldeko presidentzia.

Arau horrek arrakasta handia lortu zuen bere aplikazioan, bereziki Euskal Autonomia Erkidegoan, bertakoak baitira Estatuan ziurtagiria lortu zuten 30 enpresen erdia baino gehiago. Egoera horren aurrean, International Organization for Standardization (ISO) nazioarteko erakundeak ekodiseinuari buruzko nazioarteko arau bat garatzea erabaki du, oinarri gisa Estatuko UNE hartuta.

Ez da ohikoa zuzentarauek aurkako bidea egitea; orain arte, bi kasutan baino ez da horrelakorik gertatu. Normalean, dagokien ISOren nazioarteko bertsiotik abiatuta garatzen dira UNE arauak. Kasu honetan, aldiz, prozesua alderantzizkoa da, UNE arau batetik abiatuta sortuko baita nazioarteko izaera duen araua. Xehetasun horrek agerian utzi du UNE araua sortzeko egindako lanak mundu mailan izandako garrantzia.

Ekodiseinuari buruzko etorkizuneko nazioarteko arauaren izena ISO 14.006 izango da, eta arau hori prestatzeko mundu zabaleko adituen lantalde bat osatu da. Honakoak dira talde horretan izango diren Estatuko erakundeak: Aenor erakundea, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saileko Ihobe sozietate publikoa eta Fagor Electrodomésticos, S. Coop. enpresa.

ITURRIA: www.ihobe.net Kanpoko esteka, 2008/10/03