Azken eguneratzea: 2013/05/31

Etiketa berria, eraikinetako eraginkortasun energetikoa zorrozteko

2013ko ekainaren 1etik aurrera, berriki eraikitako eraikinek nahiz saltzeko edo alokatzeko eraikinek eraginkortasun energetikoaren ziurtagiria eta etiketa eskuratu beharko dute.

Estatuko nahiz Europako azkeneko arauek agintzen dutenez, kontsumitzaileek eskubidea daukate eraikinek zenbateko energia-kontsumoa duten jakiteko.

Ildo horretatik, apirilaren 5eko 235/2013 Errege Dekretuak agintzen du eraikin berriek energia-eraginkortasunaren egiaztagiria eduki behar dutela. Betebehar hori bera daukate saltzeko diren eraikinek edo errentari berriari alokatzen direnek (osorik edo zati bat -pisuak, adibidez-), baldin ordu arte ez bazeukaten egiaztagirik.

Ziurtagiri horrek etiketa energetikoa ekartzen du, eta etiketa horretan dator adierazita eraikina edo bere zatiak zenbateraino diren eraginkorrak, hainbat parametroren arabera (energia-kontsumoa, kutsadura, etab.). Eraikina edo eraikin-zatiak saltzeko zein alokatzeko eskaintza, sustapen eta iragarki guztietan agertu behar da energia-etiketa. Eraikitzekoak diren eraikinen kasuan, eraikitzen hasi aurretik, proiektuaren energia-ziurtapena eskuratu behar da, eta, obra amaitzean, bukatutako eraikinaren energia-ziurtapena.

Gainera, kontsumitzaileak kontuan izan behar du 500 m2 erabilgarri baino gehiago duten salerosketa establezimenduek eta lokal ireki berriek ere ondo ikusteko moduko leku nabarmenean jarri behar dutela etiketa, baldin horren ziurtagiria edukitzeko betebeharra badute.

 

Informazio gehiago... (Iturria: Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta lehiakortasun Saila)

 

Araudia:

235/2013 Errege Dekretua, apirilaren 5ekoaeraikuntzen eraginkortasun energetikoa ziurtatzeko oinarrizko prozedura onartzen duena. [es]

Euskadi. 240/2011 Dekretua, azaroaren 22koa, eraikin berrien eraginkortasun energetikoaren ziurtagiria arautzen duena.

Euskadi. Agindua, 2012ko abenduaren 12koa, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuarena, Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiriaren kanpoko kontrola arautzeko dena.

Euskadi. Agindua, 2013ko apirilaren 2koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, eraikinen eraginkortasun energetikoaren ziurtagirien erregistroari buruzkoa.

 

Loturak:

IDAE, Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Institutua [es]

Eraikuntzen eraginkortasun energetikoaren etiketa modeloa (Iturria: Industria, Energia eta Turismoko Ministerioa) [es]