Azken eguneratzea: 2009/11/16
Gabonetan, zine gehiago euskaraz
Zinema Bultzatuz programak 100.000 euro bideratuko ditu euskaraz ekoitzitako edo euskarara bikoiztutako filmak emateko

Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak eta Euskadiko Filmategiak kanpaina bat abiarazi dute elkarlanean, Euskadiko hainbat herritan, Gabonetan, euskaraz ekoitzitako edo euskarara bikoiztutako filmak pantailaratzeko. Kultura Sailak 100.000 euro jarriko ditu "Zinema Bultzatuz" izeneko kanpaina hau aurrera eramateko.

Kanpaina abenduaren 2an hasiko da, eta datorren urtarrilaren 6an amaituko. Hiru lurralde historikoetako 19 udalerrik parte hartuko dute bertan, eta beraiek erabakiko dute, erabilgarri dauden neurrian, zein filma emango dute programaren barruan. Herri batean eta bestean, guztira 150 emanaldi izan daitezkeela aurreikusten dugu, gehienak Gabonetako egunetan pilatuko badira ere.

Filmak askotarikoak dira, bai gaiaren aldetik bai publiko jasotzailearen aldetik ere, nahiz eta, bistan da, lehentasunezko ikuslegoa haurrak eta familiak izango diren. Ikusiko diren filmak, oro har, zine formatukoak dira, nagusiki azken urteotan errodatutakoak. Eskaera handiena dutenak, baina, berriki zinema-aretoetan ilkusi ahal izan direnak ditugu: Zorion perfektua eta Pluk eta bere garabia, esate baterako. Euskal ekoizpenak izango dira, europarrak, amerikarak, eta bai japoniarrak ere.

Ekimenaren helburua zine-aretoetan euskarara bikoiztutako filma-kopurua areagotzea da. Urteko azken hilabete hauetan, lau izenburu euskaratu eta estrenatu dira Kultura Sailaren programa honen babesean: Vickie bikingoa, lehen aipaturiko Pluk eta bere garabia, Planet 5 'eta Igela eta zapoak. Horiei erantsi behar zaizkie aurretik plazaratutako Animal channel, Cher ami, Txori urdin, Niko eta izarretako bidea eta Ponyo (azken hori Anoetako Belodromoan aurkeztu zen, Donostiako Zinemnaldiaren programazioaren barruan).

Uztailaz geroztik, sei zine-areto ari dira euskarazko filmak ematen asteburuz asteburu programaren baitan (Donostiako SADE, Errenteriako Niessen Zinemak, Bilboko Renoir Zinemak eta Multizineak, Basauriko Bilbondo, eta Gasteizko Florida-Guridi Zinemak). Horiei gehituko zaizkie, hortaz, Kultura Sailak bultzatutako ekimen berri honi atxiki zaizkion 18 herri horietako aretoak.