Espediente hori 2002an aurkeztu zen Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailean lehen aldiz, eta orduz geroztik behin betiko ebatzi gabe zegoen.
Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburu Bernabé Unda jauna Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Batzordean agertu da gaur, Bizkaiko harrobiari dagokionez Jaurlaritzak egindako azken kudeaketak azaltzeko, eta ebazpen hori ematera eraman duten ekintzak xehatu ditu. Industria eta Energiako sailburuorde Xabier Garmendia jaunarekin eta Energia eta Meategien zuzendari Oskar Zabala jaunarekin azaldu da Berbabé Unda sailburua.
Cantera y Hormigones Zalloventa SA enpresak 1998ko martxoaren 16az geroztik hona dauka esleituta harrobi horren ustiaketa. 2004an esleipena araupetu zen, eta gaur egun, indarrean dagoena esleipen hori da. Harrobiak bi proiektu ditu.
Horietako bat 1998an onetsi zen, eta ingurumen-inpaktuko aitorpen positiboa –urte horretakoa– dauka; aitorpen horri jarraiki baimendu zitzaion ustiaketa hori. Ustiategia lehen adierazitako enpresako partikularren arteko gatazka baten eraginpean dago, eta gatazka horrek partikular horiek auzitara eraman ditu, baina haren ustiaketa-emakidaren baimenak indarrean dirau. Horrenbestez, Zalloventa harrobiak ustiaketarekin jarraitu ahal izango du baimendutako proiektua amaitzen den arte, baina ezin izango du emakidaren luzapenik izapidetu edo baimendu, ezta baimendutako proiektuaren inolako aldaketarik ere.
Ustiaketa-jarduera amaitu ondoren, emakidaren enpresak indarreko leheneratze-proiektuak gauzatu beharko ditu, bertako instalazio guztiak deseginez, ustiaketa-jarduerarekin zuzeneko lotura dutenak nahiz ‘onurarako’ deritzenak.
Beste proiektua, aldiz, 2002az geroztik dago izapidetze-prozesuan, eta egungo ustiategia handitzeko eskabide batean datza. 2009ko urtarrilaren 27ko ebazpen bidez, proiektu horri ingurumen-inpaktuko ebaluazioa egin zitzaion. Prozesu hori jendaurrean jartzeko prozesuan zegoen, eta 2010eko maiatzaren 10ean, Energia eta Energia eta Meategien zuzendari Oskar Zabala jaunak ebazpena eman zuen, Zalloventa handitzeko baimena ukatuz.
Euskal Herriko Natura Babesteko ekainaren 30eko 16/1994 Legea aldatzeko martxoaren 11ko Legea duela gutxi onetsi izanaren ondorioz eman zen arestian adierazitako ebazpena; martxoaren 11ko Lege horretan honako hau xedatzen da: “babestutako naturguneen mugen eta eragin-eremuaren baitan ezingo da inolako meatze-ustiapenik egin, ez aire zabalean, ez lur azpian”. Araudi hori aplikatuz, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak ebatzi du ezin izango dela Zalloventa enpresak aurkeztutako beste ezein proiektu baimendu. Horrela, ustiaketa-proiektua baimentzeko administrazio-prozedura amaitutzat jo da, legeari jarraiki, proiektu horrekin jarraitzea ezinezkoa baita. Beraz, enpresa eskatzaileari proiektua itzultzen zaio, eta eskabidea artxibatuta geratzen da.
Vitoria-Gasteiz, 2010eko maiatzaren 28a