Azken eguneratzea: 2009/12/16
Trafiko Zuzendaritzak biktimak inplikatuko ditu bide-segurtasuna hobetzeko estrategian
Zenbait elkarte eta eragilerekin elkarlanean arituko dira, istripuen osteko tratamendua hobetzeko

Amparo Lopez Trafiko Zuzendariak gaur goizean iragarri duenez, Eusko Jaurlaritzak istripuak izan dituzten biktimen ikuspuntua kontuan hartu nahi du bide-segurtasuna handitzeko estrategia indartzeko. Horretarako, lan-ildo berri bat abiatuko du, eta bertan parte hartzeko dei egin diete horretan interesa duten Euskadiko gizarte eragile guztiei.

 

Fundación Lagun Aro -Stop accidentes:  "Bizitzak aurrera darrai trafiko-istripuaren ondoren" Lagun Aro Fundazioak eta Stop Accidentes elkarteak elkarrekin egindako lana aurkezteko prentsaurrekoan egin ditu Amparo Lopezek adierazpen horiek. Istripua izan ostean biktimen eta senideen egoera aztertzen duen lehen lana da honakoa. Pablo Mogelos Lagun Aro Aseguruak etxeko zuzendari nagusiak eta Ana Maria Campos Stop Accidentes elkarteko presidenteak Bilbon aurkeztu duten azterlanak agerian uzten ditu horien gabeziak eta beharrizanak eta euren eskariak eta erreguak.

Istripu larri bat zuzenean jasan duten pertsonak edota horien senideak hiru talde-saiotan (focus group ere esaten zaie) bereizita, 1.200 inkesta egin zituzten urriaren 15a eta azaroaren 15a bitartean telefono bidez Estatu osoan, horiei galdetuta. Galdetutakoen % 48,9 gizonezkoak ziren eta % 51,1 emakumezkoak; % 22,1 gazteak ziren, % 58 adin ertainekoak, eta % 19,9 adinekoak.

Oro har, galdetutakoen ustez, giza baliabide eta ekonomia-baliabide gehiago bideratu behar dira biktimak eta horien senideak artatzeko, eta istripuari aurre egiteko laguntza psikologikoaz gain, emozioei arreta handiagoa jartzeko eskatu zieten aseguru-etxeei.

Istripu bat jaso duten pertsonen % 42 ezin dira euren lanpostura normaltasunez itzuli; izan ere, kalte psikologiko eta fisikoak dituzte. Lesio psikologikoak sendatzeko, hiru urte behar dira batez beste; lesio fisikoak osatzeko, berriz, bi urte eta erdi. Halaber, azterlanak jakitera eman duenez, istripua izan eta gero, galdetutakoen % 23 gidatzeko beldur dira.

Lanaren beste ataletako batean nota jarri diote istripuaren ostean izandako arretari, biktimak berak zein senideren batek. Puntuazio onena asistentzia sanitarioak jaso du (6,67 puntu 10etik) eta txarrena prozesu judizialak (3,15 besterik ez).

Prentsaurrekoan parte hartu duten hiru lagunek azpimarratu dutenez, lankidetza eta gizarte osoa inplikatzea behar-beharrezkoak dira errepideetan jokaera arriskutsuak aldatzeko, eta horretan trafiko-istripuetako biktimen esperientzia oso baliagarria izan daitekeela gaineratu dute.