Azken eguneratzea: 2008/11/21
Petronor-en FMU proiektuak ingurumenaren gaineko eraginaren adierazpena aldekoa jaso eta ingurumen baimen bateratua eskuratu du, EB-ren legeen eta ingurumenaren baldintzak betetzen dituelako
Eusko Jaurlaritzak egin duen Ingurumenaren gaineko Eraginaren Adierazpena aldekoa izan da, eta Ingurumen-baimen Bateratua (IBB) eman dio Petronor-ek Bizkaiko Muskizko udalerrian sustatzen duen proiektuari, Europako Batasunak ingurumenaren arloan ezartzen dituen baldintzak betetzen dituela egiaztatu ondoren. Fuel olioaren ekoizpena murrizteko FMU unitate berriak eta energia elektrikoa eta beroa aldi berean sortzeko instalazioa jartzeko proiektua da.

2008ko urriaren 31ko ebazpen-proposamenean aurreratu zen bezala, proiektuak bete egiten ditu xedapen hauetako eskakizunak: Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren uztailaren 1eko 16/2002 Legea eta Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioa. Proiektuan aurreikusten diren isuriek inguruneko kutsadura ez dutela modu esanguratsuan areagotzen egiaztatu da; modu eraginkorrean erabiltzen direla energia, ura, lehengaiak eta bestelako natura-baliabideak; eta hondakinen kudeaketa ere eraginkorra dela. Ingurumen Sailburuordetzak gaur emandako IBBa, beste kasu batzuetan bezala, babesneurriak eta neurri zuzentzaileak ezartzen ditu, alderdi horiek bermatzeko, eta ingurumena zaintzeko programa bat ere bai, jarduera modu eraginkorrean kontrolatzeko.

Interesdunei entzunaldia eskatzeko izapidea amaituta, sustatzailearen oharrak eta prozeduran interesdun gisa agertu den alegaziogile bakarraren alegazioak aztertu dira, eta batek ere ez du funtsezko argudio juridikorik edo ingurumenaren arloko argudiorik eman, Legeak ezartzen dituen ingurumenbaldintzak betetzen dituen proiektu bati IBBa ematea eragozteko.

PROZEDURA ARAUTUA

Alde horretatik, hau gogorarazi behar da: IBBa ez da irizpide subjektiboen menpeko emakida arbitrario bat edo iritzietan oinarritu daitekeena, irizpideak bidezkoak eta errespetagarriak izan arren; aitzitik, hasieratik amaierara araututako prozedura bat da, eta Europak legez ingurumenaren arloan ezarritakoari lotuta dago.

Ingurumenaren gaineko Eraginaren Adierazpena aurkakoa izatea eskatu da alegazioetan, eta eskaera hori ezetsi egin da, administrazio-prozeduran omen zeuden baina ez dauden irregulartasunetan oinarritua delako. Ebazpenean, era arrazoitu eta zehatzean dago jasota hori.

Gaur emandako behin betiko ebazpenean ere egiaztatzen da indarrean dagoen araudian eskatzen den informazio guztia sartu dela izapideen prozesuan, sustatzaileak bidalitako dokumentazioa jendaurrean jarri dela eta interesdunei entzunaldia eskaini zaiela. Bai eta, jakina, ondoko erakunde hauen txostenak ere: Osasun Sailarena, udalena eta Itsasertzena.

EBAZPENA, 2008ko azaroaren 19koa, Ingurumen sailburuordearena