|
Zinpeko itzultzaile eta interpreteen habilitazioari buruzko Dekretua aurkeztu dute gaur Donostian, atzo Eusko Jaurlaritzako Gobernu Batzordeak onartu ondoren. Dekretu honen xedea da, batetik, zinpeko itzultzaile eta interprete gisa aritu ahal izateko gaikuntza profesionala arautzea, bai euskaratik beste hizkuntzetarako eta bai beste hizkuntzetatik euskararako itzulpen eta interpretazio lanetan jarduteko, eta, bestetik, lanbide honetarako gaituak daudenen erregistroa osatzea. Habilitazioa lortzeko lau bide daude: probak gaindituta, Interpretazio eta Itzulpengintzako unibertsitate-ikasketak baldintza jakin batzutan eginda, Espainiako Kanpo Arazoetarako ministerioaren tituluaren jabe izanda eta esperientzia profesional zehatz bat edukita.
"Dekretu hau onartu izana jauzi garrantzitsua da ikuspegi ugaritatik begiratuta", nabarmendu du Patxi Baztarrika, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, ondoan Jon Urrutia Mingo, IVAP erakundeko zuzendaria, Andoni Sagarna, Euskaltzaindiko zuzendaritzako kidea eta Iker saileko burua, Jon Irazusta, UPV-EHUren ordezkaria,
Euskal Herriko Unibertsitateko Euskara eta Eleaniztasuneko errektoreordea, Bakartxo Arrizabalaga, Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteko (EIZIE) presidentea eta Erramun Osa, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Koordinaziorako zuzendaria izan dituela.
Baztarrikak azpimarratu du Dekretu honi esker lege, justizia, administrazio eta ekonomia arloetako harremanak "gero eta nazioartekoago bihurtu" diren bezala, euskara bera ere "hizkuntza nazioartekoagoa" dela. Xehetu duenez, Dekretu honen argitan, "Euskara hizkuntza normalizatu, moderno eta bizi-indardunen multzoan jartzeko beste urrats bat gehiago da. Aurrerapauso kualitatiboa. Izan ere, euskararen erabilera ofiziala administrazioarekiko harremanetan bezala enpresa munduko harreman komertzial eta ekonomikoetako kontratuetan sendotzeko pausoa baita". Era berean, gaineratu du Dekretuari esker euskarako itzulpen eta interpretazio juridiko, judizial eta ekonomikoen "segurtasuna eta ofizialtasuna bermatzen eta indartzen" direla. Halaber, bere ustez, euskarako itzultzaile eta interpreteentzako gaikuntza profesional berri bat "finkatzen da unibertsitatean itzulpen eta interpretazio ikasketak egiten ari direnentzako" eta "gure autogobernuaren garapenerako urrats bat da.
Eskaria areagotzen
10/1982ko Euskararen Oinarrizko Legearen 12. artikuluaren haritik, otsailaren 29ko 38/2000 Dekretuak Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala sortu eta arautu zuen. Harrezkero Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala arduratu da euskararako eta euskaratik gaztelaniarako itzulpenen zehaztasuna eta baliokidetasun juridikoa ziurtatzeaz, dokumentuek itzulpen ofiziala behar zutenean. Gaur egun, baina, eskaria areagotu denez, herritarrei zerbitzu hobea eta iristerrazagoa ziurtatzearren, komenigarria da eginkizun hori profesional prestatu eta habilitatuek ere bete ahal izatea. Komenigarria da euskarako zinpeko itzultzaileak habilitatzea, eremu publikoan ez ezik eremu pribatuan ere jardun dezaten.
Aipatutako itzultzaile eta interpreteen lanbide-habilitazioak ahalbidetuko du euskararen erabilera, eta, aldi berean, gaztelaniarekin ez ezik gainerako hizkuntzekin ere parekatzeko bidean jarriko du euskara bera, herritarren eskubide eta betebeharrei
dagokienez. Halaber euskararen erabilera erraztuko du lege, administrazio nahiz ekonomi arloetako agirien prozeduretan, hauek inoiz euskara ofiziala den lurraldeetatik kanpokoak direnean edo bertan eragiten dutenean.
Dekretuaren aurrekariak
Baztarrikak azaldu du urte asko pasa direla Euskadiko Autonomia Erkidegoan zinpeko itzultzaile eta interpreteen figura sortu nahi izan zenetik gaurdaino. "Ez da atzo goizeko kontua zinpeko itzultzaile eta interpreteena. 1982ko Euskararen Legearen 12.1. artikuluan aurreikusi zen lehen aldiz ("Jaurlaritzak araupetuko ditu bi hizkuntzen arteko zinepeko itzultzaile-titulua lortzeko eta emateko baldintzak" / "El Gobierno regulará las condiciones para la obtención y expedición del título de traductor jurado entre las dos lenguas oficiales"). Auzitegi Konstituzionalak, ordea, Lege horren kontra Espainiako Gobernuak jarritako ez-konstituzionaltasun errekurtsoari buruz 1986an emandako epaian ez-konstituzionaltzat jo zuen aipaturiko 12.1. artikulu hura, eta anulatu egin zuen. "Titulu akademiko ofizial" moduan hartu zuen zinpeko itzultzailearena Auzitegi Konstituzionalak, eta, 1986ko epaian zioenez, Erkidego Autonomoarena ez baizik eta Estatuarena omen zen "titulu akademiko ofizialak" sortu eta emateko baldintzak finkatzeko eskumena. Harrezkero -1986tik 2009ra bitartean, alegia- "linboan" egon da zinpeko itzultzaileen kontu hau, ez aurrera ez atzera".
"Auzitegi Konstituzionalaren 1986ko epaiaren ondoren, 80ko hamarkadaren bukaeran hain zuzen ere, Espainiako Gobernuaren Kanpo Arazoetarako Ministerioak euskarako zinpeko itzultzaile titulua emateko deialdia egin zuen. Gutxi gora behera 12 itzultzailek eskuratu zuten titulua. Geroztik, ordea, ez da izan inolako aukerarik euskarako zinpeko itzultzaile titulua lortzeko. Zehatzago esanda: Espainiako Gobernuak 1992an eta 1996an onartu zituen bi Errege-Dekretutan zinpeko itzulpena eta interpretazioa soilik "atzerriko hizkuntzei" buruz arautu zuen, arautu gabe utzi zituelarik gaztelania ez diren Espainiako "beste hizkuntzei" legokiekeen zinpeko itzulpena eta interpretazioa. Horrela, bada, euskarako zinpeko itzultzaile titulua arautzea ustez legokiokeen Espainiako Gobernuak 1992tik aurrera bere egitekoetatik kanpora utzi zuen kontu hau. Lehen esan bezala, beraz, 1982an hasi eta Auzitegi Konstituzionalak atzera botatako kontu hau "linboan" egon da urte hauetan guztietan", gehitu du.
Sailburuordeak esan duenez, Euskararen Legearen eskutik 1982an hasi zen bide hartan, baina gerora Auzitegi Konstituzionalaren 1986ko epaiak eragin zuen iluntasunean, argia piztu dela, eta arazo juridiko hura gaindituta geratu dela. Auzitegi Konstituzionalak berak ireki zuen arazoa gainditzeko bidea. Lehen urratsa 1989ko epaiaren eskutik eman zuen, eta behin betikoa 1993ko 111/1993 epaiaren bidez eman zuen. Izan ere, epai honetan elkarren artean bereizi egin baitzituen "titulu akademiko ofiziala" eta "gaikuntza ofiziala". Auzitegi Konstituzionalaren arabera, "titulu akademiko ofizialak" arautzea Estatuaren eskumena da, ez ordea jarduera profesional jakin baterako "gaikuntza ofiziala" arautzea. Jarduera profesional batean aritzeko "gaikuntza ofiziala" litzateke zinpeko itzultzaile- eta interprete-habilitazioak egiaztatzen duena. Eta hori, euskararen kasuan, Erkidego Autonomoaren eskumena da
Zergatik eta zertarako Dekretu hau: balorazio orokorra
Hogei eta piko urte hauetan guztietan, 1982ko Euskararen Legeko 12.2. artikuluan aurreikusitako Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala (IZO) izan da zinpeko itzultzaileei dagozkien egitekoak neurri batean beregain hartu dituena. Gaur egun, ordea, euskararen erabilerak aurrera egin ahala eta inoiz bereak izan ez dituen hainbat esparrutan ere (bereziki esparru sozio-ekonomikoan) bere presentzia etengabe areagotzen ari denez, herritarrei eta enpresei zerbitzu hobea eta eskuragarriagoa bermatzeko komenigarria da prestaketa handiko profesionalak habilitatzea, euskarako zinpeko itzultzaileak eta interpreteak habilitatzea, alegia, eremu publikoan ez ezik eremu pribatuan ere euskaratik beste hizkuntzetarako edo beste hizkuntzetatik euskararako itzulpen eta interpretazioen fideltasuna, zehaztasuna eta ofizialtasuna bermatuko duten profesionalak.
Hizkuntza Politikarako sailburuordeak berretsi duenez, herritarrek eta enpresek egiten duten euskararen "erabilera ofiziala normalizatzen lagunduko du" Dekretuak. "Zuzenbide, justizia, administrazio, ekonomia eta beste hainbat arlotako harremanak gero eta gehiago ari dira nazioarteko bihurtzen. Euskarak harreman horietan ere balio osoarekin presente behar du. Hala izango bada, zehaztasun osoko itzulpenak behar ditugu, euskaratik beste hizkuntzetara eta alderantziz, batez ere lege, administrazio eta ekonomi arloetako testu, kontratu eta jardueratan".
Baztarrikaren arabera, zehaztasun eta ofizialtasun hori "bermatuko" duten profesional "habilitatuak behar ditugu: horiek dira zinpeko itzultzaile eta interpreteak". Habilitazio profesional horri esker, arlo horietan euskararen erabilera bultzatzeaz gain, euskara gaztelaniarekin ez ezik gainontzeko hizkuntzekin parekatzeko bidean jarriko dugu. Era berean, euskararen erabilera erraztuko da lege, administrazio eta ekonomi arloetako agirietan eta prozeduretan, agiri eta prozedura horiek euskara ofiziala den lurraldeetatik kanpo burutzen direnean.
Baztarrikak adierazi duenez, Dekretu honi esker lege, justizia, administrazio eta ekonomia arloetako harremanak "gero eta nazioartekoago bihurtu" diren bezala, euskara bera ere "hizkuntza nazioartekoagoa da. Europako eta munduko hizkuntza ez da ingelesa: Umberto Eccok esan bezala, "Europako -eta munduko- hizkuntza itzulpena da". "Horrexegatik euskarak ere presente behar du itzulpenean, eta horretarako primerako makulua izango da Dekretu hau. Hala diote, gainera, Europatik datozkigun aireek. Izan ere, duela hilabete, joan zen martxoaren 24an, Europako Parlamentuak hizkuntza aniztasunari buruzko ebazpen sonatu eta garrantzitsu bat onartu zuen. Ebazpen horrek itzulpengintza -itzulpengintza teknikoa, barne- garatu beharra azpimarratzen du Europako Batasuna indartzeko estrategia erabakigarri gisa".
Orobat, azaldu du Microsoft-en sistema eragileetan edo Google-en zerbitzu eta aplikazioetan beste hizkuntzen ondoan "euskarari lekua eginez euskara munduko hizkuntzen lehen mailan jartzen dugun" bezala, zinpeko itzultzaile eta interpreteak habilitatzearekin ere "indartu egiten" dutela euskarak munduko beste hizkuntzen artean duen posizioa. "Munduan erabilienak diren eta normalizatuta dauden hizkuntza guztiek dituzte zinpeko itzultzaile eta interpreteak: gaurtik aurrera, baita euskarak ere. Alde horretatik ere pauso garrantzitsua da hau euskararen normalizaziorako".
Dekretuaren deskribapena
1. Euskarako zinpeko itzultzaile eta interpreteen figura sortu eta beren habilitazio profesionala arautzen du Dekretuak.
2. Zinpeko itzultzaile edo interprete habilitazioa dutenek eginiko itzulpen eta interpretazioei ofizialtasuna aitortzen zaie.
3. Habilitazioa lortzeko lau bide daude: probak gaindituta, Interpretazio eta Itzulpengintzako unibertsitate-ikasketak baldintza jakin batzutan eginda, Espainiako Kanpo Arazoetarako ministerioaren tituluaren jabe izanda eta esperientzia profesional zehatz bat edukita.
4. Probetan parte hartu ahal izateko ezinbestekoa da gutxienez diplomatura, ingeniaritza teknikoa, arkitekto teknikoa edo baliokidea den beste tituluren baten jabe izatea. Probak euskarari eta zuzenbideari buruzkoak izango dira, eta, gainera, itzulpenak eta interpretazioak egin beharko dira.
5. Itzulpengintza eta Interpretazioko unibertsitate-tituluaren jabe direnek baldin eta, gainera, besteak beste, itzulpen edo interpretazio praktiketako irakasgaietan gutxienez 24 kreditu gainditu badituzte, probarik egin gabe eskuratu ahal izango dute habilitazio profesionala.
6. Espainiako Kanpo Arazoetarako Ministerioak emandako euskarako zinpeko itzultzailearen izendapenaren jabe direnek ere inolako probarik gabe eskuratu ahal izango dute habilitazio profesionala.
7. Lege, administrazio eta ekonomia arloetan hamabi urtez jarraian eta jarduera nagusi gisa jardun dutenek ere, probarik egin beharrik gabe eta merezimendu edo esperientzia profesionalaren bidez habilitazio profesionala eskuratu ahal izango dute. Kontuan harturik badirela hainbat eta hainbat profesional urte hauetan guztietan hartarako prestakuntza arauturik izan gabe itzulpengintza eta interpretazio lanbidean jardun dutenak, eta kontuan harturik neurri batean beraiek izan direla euskarazko hizkera juridiko eta administratiboa finkatu dutenak, beharrezkoa eta justiziazkoa iruditu zaigu meritu bidezko habilitazio-aukera hau ezartzea.
8. Probak gaindituz habilitazioa eskuratzeko deialdia gutxienez hiru urtez behin egin beharko da. Lehen deialdia Dekretua indarrean jarri eta gehienez ere urtebeteko epearen barruan egingo da.
9. Esperientzia edo merezimendu bidezko habilitaziorako deialdia Dekretua indarrean jarri eta gehienez ere bederatzi hilabeteko epean egingo da. Merezimenduen bidea apartekoa eta guztiz ez-ohikoa da, eta horrexegatik behin bakarrik erabili ahal izango da bide hau.
10. Probetarako deialdiak Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak (edo une bakoitzean Jaurlaritzako hizkuntza politikaren eskumena duen organoak) eta IVAPek egingo dituzte elkarrekin, eta habilitazio-izendapenak Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak edo une bakoitzean Jaurlaritzako hizkuntza politikaren eskumena duen organoaren arduradunak egingo ditu.
11. Epaimahaia honako hauek osatuko dute: Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren (edo une bakoitzean Jaurlaritzako hizkuntza politikaren eskumena duen organoaren) ordezkaria izango da presidentea eta IVAPena presidenteordea. Epaimahaikide izango dira Euskal Herriko Unibertsitateak, EIZIEk eta Euskaltzaindiak proposaturik izendaturiko hiru ordezkari, eta HPSren arduradunak IVAPekin adostuta aukeraturiko sei bokal.
12. Zinpeko itzultzaile eta interpreteen Erregistro ofiziala sortuko da, eta itzulpenaren eta interpretazioaren ofizialtasuna egiaztatzeko erabili beharko diren ziurtagiri-eredua eta zigilua ere araututa geratu dira Dekretuan.
Donostia, 2009ko apirilaren 22an
|