Azken eguneratzea: 2013/07/24
Tolosa Merkat-i esker lau ekintzaile gaztek beraien komertzioa irekiko dute Kale Nagusian
Ibai Iriarte alkateak, Eusko Jaurlaritzaren Merkataritzako zuzendariak, Jon Zarate, eta Tolosako Merkatarien Elkarteko buruak, Juanjo Ruiz, ekimen hau erakundearteko lankidetzari esker izan dela bidezkoa nabarmendu dute gaur goizean giltzak emateko ekitaldian.
Tolosako merkataritza sustatzeko asmoz, Udalak eta Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia Garapen eta Lehiakortasun Sailak Tolosa Merkat proiektua jarri dute abian. Ekimen honi esker, lau ekintzaile gaztek negozioak irekiko dituzte laster Kale Nagusian gaur goizean Ibai Iriarte alkateak, Eusko Jaurlaritzaren Merkataritzako zuzendariak, Jon Zarate, eta Tolosako Merkatarien Elkarteko buruak, Juanjo Ruiz, giltzak eman eta gero.
Udalak proiektua koordinatzeaz gain, Eusko Jaurlaritzarekin batera, finantzaketan ere lagundu du. Orotara Tolosa Merkat programak 403.438,97 eurotako inbertsioa suposatu du. Kopuru horretatik %40a lokalen jabe eta ekintzaileek jarri dute, gainontzekoa berriz, Udalak eta Eusko Jaurlaritzak. Izan ere, bi erakundeak arduratu dira lokalen egokitzeaz eta alokairuaren ordainketan ere parte hartuko dute. Datuekin jarraituz, Tolosa Merkat-i esker 300 metro2-ko eremu komertziala eraberritu da eta hurrengo bost urteetarako, lokal horien alokairua 4 euro/metro2ko prezioan finkatu. Lokalen jabe eta ekintzaileen arteko kontratuak bost urteko iraupena dute, eta bitarte horretan eskainiko die Udalak laguntza.
Proiektuaren prozesua
Tolosa Merkat proiektua aurrera eramateko eta aurrez aipatutako helburuak lortzeko bidean lanketa handia egin da azken bi urteetan. Hasteko, batetik, Tolosako merkataritza elkarteak, TOLOSA&CO-k, Udalarekin batera merkatal lokalen errolda osatu zuen. Eta bertan ikusi zen, eremu batzuetan, itxita zeuden lokal asko aurki zitezkeela. Ondorioz, kale horietan, merkataritza alorrean bizi gutxi zegoen, inguruak itxura txarra zuen eta honek ondoko komertzioei kalte egiten zien. Bildutako datuen arabera, komertziora zuzendutako 38 lokal daude Kale Nagusian, eta horietatik 19 itxita zeuden 2010ean. Horregatik, egoera ikusita, beharrezkotzat jo zen, merkataritza dentsitate baxuko guneetan lokal itxiak erakartzea eta berritzea, horrela, eskaintza komertziala sustatu eta saltoki berriak irekiz. Horrek azken batean, onurak ekarriko baitzizkion sektore guztiari.
Halaber, behin errolda osatuta, Lehiaketa publiko bat egin zen proiekturako lokalak aukeratzeko. Hala, 11 eskaintza aurkeztu ziren eta horietatik kale berean kokatuta eta egoera erabat txarrean zeuden lau aukeratu ziren. Ondoren, oinarri teknikoak baloratu ziren eta elkarrizketa pertsonalak egin lokalen jabeekin. Helburua zen, alokairu kostuak finkatzea, eta horretarako, jabeak eta udala adostasunera iristea. Baita konfiantzazko harreman bat sortzea.
Bestetik, paraleloki, beste lehiaketa publiko bat egin zen eta kanpaina berezi bat jarri martxan ideia eta proiektu berriak zituzten ekintzaileak erakartzek. Denera hamar proposamen jaso ziren eta oinarri teknikoak kontuan hartuta, horietatik lau aukeratu ziren. Azkenik, behin proiektuak aztertu ostean, lokalen egokitze lanekin hasi izen udala.
Lau negozio, lau ideia
Ekintzaile bakoitzak arlo eta eskaintza berezia izango du, hau da, batak bestearenarekin ez du zerikusirik izango. Honakoak dira ekintzaileak eta jarriko dituzten negozioak.
|
EKINTZAILEA |
ESKAINTZA |
HELBIDEA |
|
Raul Campos eta Amaia Tobes |
Okindegi ekologikoa eta tailerrak |
Kale Nagusia, 31 |
|
Lidia Hernandez |
Arropa , osagarriak eta tailerrak |
Kale Nagusia, 26 |
|
Naroa Gaztañaga |
Haurrentzako arropa, osagarriak eta tailerrak |
Kale Nagusia, 40 |
|
Garikoitz Murua |
Arte galeria eta Tolosan bertan egindako arropa nahiz osagaiak: GKo Gallery |
Kale Nagusia 24 |
Ikusi bideoa: http://youtu.be/PHpeOYiC5FI