|
Horixe ohartarazi du Eusko Jaurlaritzaren Kontsumo eta Industria Segurtasuneko Zuzendaritzak 2010ean gertatuko den itzalaldi analogikoari dagokionez, horren ondorioz kontsumitzaileak beste gastu bat hartuko beharko baitu laster bere gain deskodetzaile berri bat erosteko.
Zehazki, Lurreko Telebista Digitaleko Plan Tekniko Nazionalaren arabera, teknologia analogikoaren bitartez emititutako lurreko telebista emisioak 2010eko apirilaren 3an amaituko dira. Horren eraginez, egun horretatik aurrera, teknologia analogikoko telebista guztiek beste tresna bat beharko dute ibili ahal izateko.
Teknologia analogikoa duten telebistak saltzerakoan, enpresek erosleei nahitaez eman beharreko informazioa da hori. Hala egiten ez badute, ondasunaren ezaugarriei eta denbora gutxi barru ondasun hori behar bezala erabiltzeko beharrezkoak izango diren oharrei buruzko informazioa ez emateagatik iruzur egitea izango da hori eta, beraz, kontsumitzailea nahastea eragin dezake.
Izan ere, deskodetzailea nahitaez erosi beharrak geroago telebistaren prezioari eragingo dion igoeraz gain, erosleak bi tresna erabili beharko ditu, bakarra izan beharrean.
Hori guztia dela-eta, Eusko Jaurlaritzak saltzaileei gogorarazten die informazio hori ez ematea kontsumo-arloko arau-hauste gisa zigorgarria izango dela.
Eta gainera, kontsumitzaileei jakinarazten die telebista analogikoa erosi eta saltzaileak aparatu hori lurreko telebista digitalera egokiturik ez dagoela adierazten ez badie, ondasunaren akatsa dela-eta legeak ematen dizkien eskubideak erabili ahal dituztela.
Vitoria-Gasteiz, 2008ko maiatzaren 22a
|