Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Trafiko zuzendaritzek indarrak batu dituzte autonomia-erkidegoko hiru hiriburuetan bide-segurtasuneko tailerrak sustatu eta gauzatzeko. Alkoholak eta gehiegizko abiadurak gidatzeko garaian egiten duten kalteaz ohartaraztea eta horren aurrean sentsibilizatzea da tailer horien helburua.
Ekimena maiatzaren 21ean jarriko da martxan Bilbo, Donostia eta Gasteizko justizia-jauregietan, eta hilean 210 plaza eskainiko ditu gizartearentzat lan egiteko zigorrak (GLZ) betetzeko. Horrela, Eusko Jaurlaritzak soberan beteko du bere buruari jarri zion helburua, Euskadin horrelako zigorrak betetzeko plaza-kopurua urtebetean bikoiztea, alegia.
Trafikoko segurtasunaren aurkako delituak egiteagatik zigortutako pertsonek tailer hauetara goizetan, arratsaldeetan edo aste bukaeretan (larunbat goizetan) joanez bete ahal izango dute ezartzen zaien zigorra eta, hortaz, zigorra betetzeak ez die eragozpenik sortuko eguneroko lan- edo ikasketa-jardunean.
Tailerrak egiteko, Espetxeetako Zuzendaritza Nagusiak 2/2010 Jarraibidea eman du (trafikoko segurtasuna urratzeagatik gizartearentzat lan egiteko ezarritako zigorren kudeaketa administratiboa: "TASEVAL", bide-segurtasuneko ekintzen tailerrak).
BOEk 1849/2009 Errege Dekretua argitaratu zuen 2009ko abenduaren 4an, eta bertako arautegiak aldatu egin ditu gizartearentzat lan egiteko zigorrak betearazteko baldintzak ezartzeko arautegiari buruzko 515/2005 Errege Dekretuko zenbait artikulu.
Errege-dekretu berri horrek ekarritako aldaketa garrantzitsuenen artean dago delitua bide-segurtasunaren aurkakoa den kasuetan gizartearentzat lan egiteko zigorrak betetzeko modu berria. Izan ere horrelako kasuetan zigorra bide-segurtasuneko ekintza-tailerren bidez betetzeko aukera ematen baitu dekretu berriak. Dekretuaren arabera:
Trafikoko segurtasunaren aurkako delituengatik gizartearentzat lan egiteko ezartzen den zigorra dagokion agintaritzak antolatutako bide-segurtasuneko ekintza-tailerrak eginez bete daiteke. Tailer horiek prestakuntza-fase bat eta onura publikoko ekintzak egiteko beste bat izango dute.
Bi hilabeteko esperientzia pilotua bukatutakoan ebaluazioa egingo da (tailerrak egiteko egun eta ordutegi komenigarrienak zein diren, barruti judizial bakoitzeko tailer-kopurua...) eta, horren arabera, ikastaroak urteko hilabete guztietan eman edo ez eman erabakiko du Eusko Jaurlaritzak. Plazen eskaintza urte osoan eginez gero, Espetxeen eskura guztira 2.520 plaza jarriko lirateke, trafikoko segurtasunaren aurkako delituengatik jarritako GLZak betetzeko.
TAILERREN EZAUGARRIAK:
1.- EDUKIA:
1.1.- PRESTAKUNTZA-FASEA: 20 ORDU
1.2.- ONURA PUBLIKOKO EKINTZAK: gizartearentzat lan egiteko ezarritako zigorraren iraupenaren arabera, onura publikoko 10 ekintza egingo dira gutxienez eta 18 gehienez.
2.- PARTE-HARTZAILEEN KOPURUA: ikastaro bakoitzeko 30 pertsona.
3.- IRAUPENA: ekintzen tailerrak (prestakuntza-faseko 20 orduak eta onura publikoko ekintzak) HILABETE bateko epean egin eta gauzatu behar dira.
4.- ESPERIENTZIA PILOTUA EGITEKO LEKUA ETA EGUTEGIA
.-.- BILBOKO JUSTIZIA JAUREGIA:
Tailer-kopurua: hilean 3 tailer. ORDUTEGIA:
Ostiral goizetan, 09:00etatik 14:00etara
Ostiral arratsaldeetan, 15:00etatik 20:00etara
Larunbat goizetan, 09:00etatik 14:00etara.
.- DONOSTIAKO ETA GASTEIZKO JUSTIZIA JAUREGIAK:
Tailer-kopurua: hilean 2 tailer. ORDUTEGIA:
Ostiral arratsaldeetan, 15:00etatik 20:00etara
Larunbat goizetan, 09:00etatik 14:00etara.