|
Izendapena Québec-en uztailaren 2tik 10ra egiten ari den UNESCOren Mundu Ondareko Batzordearen 32. Konferentzian gertatu da gaur arratsaldean.
Eusko Jaurlaritzak, Kantabria eta Asturiasko gobernu autonomoekin batera duela bi urte ekin zion orain arte Altamirako (Kantabria) aztarnategiak zeukan Gizateriaren Ondare izendapena Kantauri isurialdeko aztarnategietara zabaltzera, betiere UNESCOren egungo filosofiari jarraiki: Gizateriaren Ondare izendatutako elementuak bere eremuan kokatzea eta kontuan izanda paleolito garaiko labar artea duten leize hauek kultura beraren adibide direla. Joan den udan, UNESCOren aditu den Jean Clottes-ek Euskal Herriko hiru leize horiek eta Kantauri isurialdeko labarretako artearen santutegiak ikuskatu zituen, aldeko txosten bat egiteko gisan, Gizateriaren Ondare izendapena merezi ahal izateko. Azkenik, Eusko Jaurlaritzak, eta Kantabria eta Asturiasko exekutiboek sustatutako proposamena kontuan hartua izan da.
Bilera parte izan den Gurutz Larrañaga sailburuordeak izendapen honen garrantzia azpimarratu du, kultur elementu hauei duten garrantzia aitortzen zaielako eta honek dakarren ondorioengatik gizateriaren ondare gisa aitortu izanak Altxerri, Ekain eta Santimamiñe munduko plazan jartzen dituelako kultura eta turismo aldetik. Horrela gertatu zen duela bi urte Portugalete eta Getxo lotzen dituen Bizkaia Zubiarekin, Gizateriaren Ondare izendapena izan zuen lehenbiziko euskal monumentua.
Nahiz eta Santimamiñe, Ekain eta Altxerriko leizeak jendearentzako itxita egon margoen babes eta kontserbazio neurriak direla eta, Bizkaiko Foru Aldundiak sustaturik, Santimamiñen bisita birtuala egiteko aukera dago iazko udaberritik. Eta Ekain-en kasuan, Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekimenez, azken ukituak ematen ari dira Ekain-Berriren erreplika, jatorrizko kobazulotik oso gertu, laster publikoarentzat zabalik egon dadin.
Gurutz Larrañaga, Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordea, Arantza Arzamendi, Jaurlaritzako Ondare zuzendaria eta Haritz Solupe, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendaria izan dira Quebeceko UNESCOren Mundu Ondareko Batzordearen 32. Konferentzian.
Zorionak Altxerri, Ekain eta Santimamiñe (pdf, 118 Kb)
Ikusi bisita birtualak
Vitoria-Gasteiz , 2008ko uztailaren 7a
|