Eusko Jaurlaritzak, Justizia eta Herri Administrazio Sailaren bidez, bat egin du gaur Costa Rican eratu den Justiziaren Kudeaketa eta Kalitate Ikerketaren Nazioarteko Sarearekin (RIGICA). Horrela, Justizia Administrazioaren kalitatea egiaztatzeko nazioarteko aliantza estrategikoan sartu da Euskadi, Argentinako, Kolonbiako, Costa Ricako, Panamako eta El Salvadorreko gorte gorenekin eta Kolonbiako Antioquiako Unibertsitatearekin batera.
Nazioarteko arauen bidez justiziaren kalitatea hobetzeko metodoak bilatzen dituzten ahalik eta herrialde eta erakunde gehien biltzea da sarearen asmoa. Bulego Judizial eta Fiskalaren zuzendariak, Rosa Gómezek, sinatu du agiria Eusko Jaurlaritzaren izenean.
GICA proiektua (Kalitatearen eta Egiaztapen Judizialaren Kudeaketa Integrala) EUROsocial programaren barruan eratu da, Justizia arloan, justiziaren kudeaketa integrala eta kalitatea egiaztatzeko arauak ezartzeko helburuarekin. Frantziak finantzatzen du eta Frantziako Justizia Ministerioan eta Europar Batasunean aurkeztu dute.
Lehenengo GICA arauak bulego judizialak, kalitatez kudeatuak izateko, nola antolatu behar diren ezartzen du. Aurrerago, Gobernu Judiziala kudeatzeko eta administrazio-bulegoak antolatzeko beste arau batzuk ezarriko ditu (aurreikusitakoaren arabera, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak Gobernu Judizialean parte hartuko du).
Euskadi bulego judizial eta fiskal berriaren ezarpen-prozesu bete-betean dago; datozen hiru urteetan barrena hedatuko da. Bulego judizial berriak hiru unitate-mota desberdin ditu: zuzeneko laguntza emateko unitate prozesalak, zerbitzu orokor prozesalak eta administrazio-unitateak.