Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburu Gemma Zabaleta gaur agertu da Legebiltzarreko Gizarte Politika, Lan eta Berdintasun Batzordearen aurrean familia-elkarguneen egungo egoera eta hurren-hurreneko etorkizuna azaltzeko. Familia-elkarguneak oraindik ere Espainian hasi berria den garapena duten gizarte-baliabideak dira, eta intzidentzia eta erregulazio irregularra dute autonomia-erkidegoetan. Valentziako Erkidegoak soilik dauka erregulatua zerbitzu hori lege baten bidez, eta beste lau erkidegok, horien artean Euskadik, dekretu bidez arautzen dute. Familia-elkarguneek, profesionalek zuzendutakoek, ahalbidetzen dute modu traumatikoan bereizi diren bikoteen seme-alabek aukera izan dezatela zaintza ez duen gurasoarekin bildu eta harekin harremana mantentzeko, betiere profesionalen gainbegiratzearen pean. Epaileak bideratzen ditu kasuak kontsultarako elkargunera.
Elkarguneak arautzen dituen euskal dekretua eta gizarte-zerbitzuei buruzko legea indarrean hasi izana "pauso handia eta garrantzitsua izan dira horien egoera legal eta sozialki normalizatzeko", Zabaletak adierazi duenez. Horrela, urtarriletik aurrera epaileak agindutako kontsultarako familia-elkarguneak titulartasun publikokoak izango dira, hau da, Eusko Jaurlaritzarenak.
Orain arte bi familia-elkargune aritu dira lanean Gipuzkoan, biak ere titulartasun publikokoak; beste bat Portugaleteko udalerrian, Bizkaian, Udalaren mendekoa; beste bat Bilbon, Foru Aldundiak kudeaturikoa; eta beste bat Gasteizen, hori ere titulartasun publikokoa. “Eusko Jaurlaritzak azken hiru zentro publiko horiek hartuko ditu bere gain orain haien mende dauden hurrenez hurreneko erakundeekin egingo duen kudeaketa-agindu bidez”, Zabaletak zehaztu duenez.
Gipuzkoako zentroetan, titulartasun pribatukoak direnez, bere zerbitzu propioa abiaraztearen alde egin du Jaurlaritzak, eta urtarrilean hasiko da martxan Larramendi kaleko Jaurlaritzaren jabetzako lokal batean. Era berean, edukiera handiagoko gune bat gaitzea aurreikusi da, Intxaurrondo auzoan.
Gemma Zabaletak berretsi egin du, halaber, koordinazio-lan tekniko bati hasiera emango zaiola, eta bertan Justizia Sistema, Ertzaintza Herritarren Segurtasuna eta Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritza daude inplikatuta. Lankidetza horren helburua epaileak agindutako kontsulta-protokolo homogeneoak lantzea da elkargune guztientzako. “Dena den”, sailburuak zehaztu duenez, “elkarguneen behin betiko hedapena une honetan garatzen ari diren gizarte-zerbitzuen mapak ezartzen duenaren baitan egongo da, eta gizarte-zerbitzuen zorroaren baitan, hori ere orain garapen-fasean dagoena”.
Zentroen hedapena 2011n aurrera jarraitzea aurreikusita dago, populazio- eta sakabanatze-irizpide "fidagarri eta homogeneoen" mende egongo baita. Familia-elkarguneak arautzen dituen dekretuak ezartzen duenez, adigabeak gehienez urtebetez egongo dira zentro horietan, eta epe hori salbuespen gisa soilik luzatu ahalko da. Horregatik, erabakiak hartzerakoan, "kasuen bilakaerari eta egonaldi-denborei buruzko informazio zehatza edukitzea komeniko da", sailburuak adierazi duenez.
Gipuzkoako familia-elkarguneen egungo egoera
Kidetza Elkarteak Irunen eta Donostian zituen elkarguneak (gutxi gorabehera 60 kasuri erantzuten zieten bien artean) abenduan 1ean itxi izanaren ondorioz, Eusko Jaurlaritzak izapideei ekin zien urgentziaz Donostian beste familia-elkargune bat zabaltzeko.
Abenduaren 2an, Morlans udal-jabetzako eraikinean (Errondoko Gaina, 2. zk.) zerbitzua abiarazi zen, eta lokala 16:00etatik 21:00ak arte egongo da irekita astelehenetik ostiralera bitartean eta asteburuetan, aldiz, 10etatik 14etara eta 16:00etatik 21:00ak arte. Horretaz gain, hil honetako 24an eta 31n arratsaldeko lauretatik zazpietara egongo da irekita.
Aurreikusi dena, "urgentziazko" elkargune horrek orain arte Irunen eta Donostian aztertzen ziren epaileak agindutako kontsulta-kasuak hartuko ditu. Gainera, Donostiako Epaitegiak adierazi duenez, Gipuzkoako barruti judizial guztiei jakinarazi zaie zabaldu dela eta kasuak kontsultarako bertara bideratzeko aukera dagoela.
Zerbitzuaz psikologo bat, gizarte-langile bat eta hiru gizarte-hezitzaile arduratuko dira, koordinatzaile batez gain. Segurtasun-zaintzaile bat ere badugu, egunean 24 orduz eraikinean normalean dagoena zaintzaileri laguntzeko.
Aurreko Jaurlaritzak eskaturiko eta egungoak aktibaturiko auditoria ekonomiko baten zain dago Kidetza Elkartea, zalantzak baitaude kudeaketa ekonomikoa behar bezalakoa izan ote den. Beren memorian aurkeztu zituzten jarduera-orduak ez dira uztartzen nominen justifikazioarekin. Kidetzak Jaurlaritzaren 145.750 euroko diru-laguntza jaso zuen 2008an elkarguneen funtzionamendurako eta 160.374,92 euro 2009ko ekitaldirako.
Sailburuak azpimarratu duenez, Eusko Jaurlaritzak ez du erabakirik hartu Kidetzaren elkarguneak ixteari edo horiekin jarraitzeari buruz, titulartasun publikokoak baitira. Egin duen gauza bakarra bizkor jardutea izan da, elkarteak itxi egingo zuela iragarri ondoren. “Ez gizarte-zerbitzuen legeak, ez familia-elkarguneen dekretu arautzaileak, ez dute inolaz ere eragozten titulartasun publikoko elkargunerik egotea, betiere eskakizunak betetzen badituzte. Horrek esan nahi du Kidetzak kudeaturiko bi elkarguneek, Donostiakoak eta Irungoak, funtzionatzen jarrai dezaketela, arduradunak hori erabakitzen badu”.
“Kidetzak balioetsi egin behar du 2009ko abenduaren 31tik aurrera bere programarekin jarraitzen duen edo ez. Une honetan, nahi izanda ere, sailak ezin izango luke konpromisorik hartu 2010ean inolako diru-laguntzarik emateko, deialdia ez baita ezagutarazi, oraindik ere", sailburuak amaitzeko adierazi duenez.