Azken eguneratzea: 2012/08/08
Mutrikuko plantak, olatuekin energia sortzen duen Europako lehen planta komertzialak, 200.000 kWh ekoitzi ditu urte batean
2011ko uztailean inauguratu zen plantan 2,3 milioi euro inbertitu ziren
- Itsasoaren egoera ezberdinetan plantaren erantzun ona egiaztatu ondoren, era automatikoan funtzionatzen hasiko da aurten, 600.000 kWh-koa den gehieneko ekoizpena lortzeko.
- Plantak eragindako interesa handia izan da; izan ere, bost kontinenteetatik heldutako 500 bisita profesional baino gehiago izan ditu 12 hilabete hauetan.
- Olatuen energiari lotutako beste proiektua ere, bimep izenekoa, aurrera doa. Armintzan egongo den bimep egitasmoak 20 milioi euroko aurrekontua du, eta dagoeneko eskuratu ditu administazioen baimenak urpeko kableak instalatzen hasteko. 2013an abian jarriko den itsas azpiegitura horretan elektrizitatea sortzeko gailu flotagarriak probatu ahal izango dira.
2012ko abuztuaren 12a – Itsasoko olatuen bidez energia elektrikoa sortzen duen Europako lehen planta komertziala du Mutrikuk. Duela urtebete abiarazitako planta hori mugarri bat izan da olatuen energiaren alorrean, eta, gainera, Gipuzkoako herri horretara bisitariak erakartzeko baliagarria izan da, planta berritzailea ezagutzeko jende ugari bertaratu baita. Hala, enpresetako teknikari, ikasle eta turistentzako bisitaldi teknikoak antolatu dira. Urtebetean 200.000 kWh ekoitzi ditu plantak, 200 pertsonaren elektrizitatearen kontsumoa asetzeko edo betetzeko kantitate baliokidea dena. Kopuru handia ez bada ere, energia ituri berri batetik datorrela nabarmendu behar da.
Mutrikuko olatuen energia ustiatzeko instalazioa 2011ko uztailaren 7an inauguratu zen, Patxi López lehendakaria buru zela ekitaldian, itsas energiaren arloan Euskadi puntako herrialdeen artean kokatzea ekarri duena. Itsas teknologia aurreratuena duen erakusteko plantan 15 turbina daude, 300 kW-eko potentzia instalatua osatuz. Plantak eskatutako inbertsioa 2,3 milioi eurokoa izan da.
Urtebete martxan izan ondoren eta haren funtzionamenduaren inguruko azterketa zorrotza eginda, plantaren erantzun ona egiaztatu ahal izan da, itsasoaren egoera ezberdinen aurrean. Hala ere, funtzionamenduan izango den bigarren urte honetan ere azterketa egiten jarraituko da, doitze edo optimizazio egokiena lortzeari begira.
Azpimarratzekoa da, besteak beste, Mutrikuko plantaren teknologia berritzailea; izan ere, merkaturatu den lehen esperientzia da alor horretan. Heldua den teknologia horren aldeko apustuak, zalantzarik gabe, plantaren funtzionamenduaren benetako egoera eta baldintzetan azterketa sakona, esperientzia eta ezagutza handia eskatzen ditu. Jardunean izan den lehen urtean, egoera ezberdinetan izandako erantzuna ikuskatu eta aztertu dute plantako langileek. Aurrerantzean, ordea, kontrola modu automatikoan egingo da.
Lehen urtean, plantaren ekoizpena 200.000 kWh-koa izan da. Bigarren urtean, behin kontrolaren funtzionamendu fidagarria eta bideragarria egiaztatutakoan, era automatikoan funtzionatuko du plantak. Horren ondorioz, ekoizpen optimoa lortzeko moduan egongo da, urtean 600.000 kWh-koa, 600 pertsonaren kontsumoaren baliokidea den kantitatea, hain zuen ere.
Gertakariak edo gorabeherak
2011ko abenduaren erdialdean izandako denboralea izan da gorabehera garrantzitsu bakarra lehen urtean. Martxan jarri zenetik izandako lehen denborale handiaren ondorioz, planta gelditu egin zen, segurtasun neurri gisa, badaezpada, etor zitezkeen olatu handien aurrean babesteko. Denboralea igaro ondoren, energia sortzeko aldea babesten duen egiturazko diseinuaren erantzun ona egiaztatu ahal izan zen, ez baitzuen inolako katerik izan.
Dikearen atzeko aldean zegoen kontrol-gunea, berriz, kaltetu egin zen olatuen indarren eraginez; izan ere, dikearen gainetik pasa eta kontrol-guneko ateak apurtu zituzten olatuek. Horren ondorioz, kontrol-gunea urez bete zen. Gorabehera hori zela eta, kaltetutako ateak aldatu behar izan ziren, eta aurrekoen ordez ate sendoagoak jarri ziren, horrelako arazoak berriro gerta ez daitezen. Gertaera horregatik egon zen planta zerbitzutik edo operaziotik kanpo martxoaren bigarren aste arte, horrelako plantek energia gehien sortzen duten aldia dena, hain zuzen ere. Horrexegatik sortu zen aurreikusitakoa baino energia gutxiago funtzionamenduaren lehen urte horretan.
Interesa gizartearen eta enpresa munduaren aldetik
Funtzionamenduan egon den lehen urte horretan, planta aitzindari horrek interes nabarmena sorrarazi du. Izan ere, hilabetez hilabete, gero eta eskari gehiago izan ditu bisitatu ahal izateko. Alor eta jatorri askotarikoak diren 500 lagun inguru bertaratu dira instalazioa ezagutzekoa asmoz. Hala, Europako herrialdeetako enpresa taldeetako kideek, nazioarteko kongresuetan parte hartu duten adituek, energiaren alorreko enpresa teknologikoetako ordezkariek, unibertsitateetako ikasleek eta irakasleek, ikastetxeetako kideek, kultur elkarteetakoek, eta are turistek ere planta bisitatzeko eskaria egin dute. Horren aurrean, uda hau amaitu aurretik, planta egokitu egingo da bisitariak hartzeko, Mutrikuko Turismo Bulegokoen bidez kudeatuko diren bisitak, hain juxtu.
Hori horrela, Mutrikuko herriak beste pizgarri turistiko eta profesional bat gehiago izango du eskura kudeatzeko, balio erantsia duen beste aukera bat gehiago eskaintzeko bisitariei.
Bimep proiektua
Biscay Marine Energy Platform edo bimep egitasmoa Eusko Jaurlaritzak itsas energiak sustatzeko estrategiaren giltzarria da Euskadin. Itsaso zabalean, Armintzako portuaren aurrean dagoen itsas instalazio horretan, energia sortzeko gailu flotagarriak probatzeko behar diren tresna teknologiko guztiak eta urpeko kableak izango dira. Instalazioa kudeatzeko, 2011ko abenduan, bimep S.A. sozietate publikoa eratu zuten Eusko Jaurlaritzak, Energiaren Euskal Erakundearen bidez, eta Espainiako Industria Ministerioaren menpeko erakundea den Instituto para la Diversificación y Ahorro de Energíak (IDAE), eta erakunde bakoitzaren partaidetza %80 eta %20 da, hurrenez hurren.
Egitasmoa bide onetik doa, eta aurreikusitako gauzatze faseak betetzen ari dira: horniketa nagusiak kontratatu dira jadanik, administrazioen baimenak lortu dira eta onura publikoaren adierazpena eskuratu da, Ingurumen Ministerioaren baimena erdietsi da, eta abar. Gainera, Industria Ministerioak proiektuari oniritzia eman izanak baimendu eta ahalbidetuko du lanak hastea uda amaitu aurretik.
Gauzak ondo bidean, itsas instalazioa 2013ko udazkenean hasiko dela lanean espero da. Proiektua aurrera eramateko inbertsioa 20 milioi eurokoa da.