Azken eguneratzea: 2005/12/02
Prentsaurrekoa: Gasezko galdarak eta berogailuak berritzeko 2005eko renove plana
Industria, Merkataritza eta Turismoa

PRENTSAURREKOA 2005/12/01 11:00 Bilbo

GASEZKO GALDARAK ETA BEROGAILUAK BERRITZEKO 2005EKO RENOVE PLANA

Rodrigo G. Azurmendi. Merkataritza, Kontsumo eta Industria Segurtasuneko sailburuordea

Rubén Mendiola. Kontsumo eta Industria Segurtasuneko zuzendaria

 

GASEZKO GALDARAK ETA BEROGAILUAK BERRITZEKO 2005EKO RENOVE PLANAREN BALANTZEA

 

Zer da Renove plana?

Gasezko galdarak eta berogailuak berritzeko Renove plana Eusko Jaurlaritzak Energiaren Euskal Erakundearen eta Euskadiko enpresa hornitzaile eta instalatzaileen bitartez bultzaturiko ekimena da; planak gasezko galdaren eta berogailuen parkea berritzea du helburu, segurtasuna, energia‑eraginkortasuna eta ingurumena hobetzeari begira.

 

Noiz jarri zen abian Laguntzen Plana?

Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak, Energiaren Euskal Erakundearen bitartez eta gasa instalatzen duten enpresekin eta enpresa hornitzaileekin batera, 10 urtetik gora zituzten edo segurtasun-akatsak zituzten gasezko galdarak berritzea sustatzeko laguntzen programa bat jarri zuen abian 2003ko maiatzean.

 

Laguntzen programa horri orain arte eutsi zaio eta 2006ko abenduaren 31ra arte iraunaraztea aurreikusi da.

 

Zeintzuk dira Renove planaren helburuak?

Honako hauek dira Renove planaren helburuak: gas-instalazioen segurtasuna hobetzea, instalazio horien energia-eraginkortasuna gehitzea, kontsumoa gutxituz, eta ingurumena zaintzea, atmosferarako emisioak murriztuz.

 

Aldatzen diren etxerako edo merkataritzako aparatuek honako baldintza hauek bete behar dituzte: 10 urte baino gehiago edo segurtasun-arazoak —erretako produktuak atzerantz itzultzea, hustuketa txarra edo bestelako akatsak— dituzten berokuntza-galdarak eta ur-berogailuak izan behar dute. Plan horretara biltzen diren instalazioak banakako instalazioak izango dira beti.

 

2005eko Renove planaren balantzea

Renove planak orain arte izan duen garapenaren balantzea oso positiboa da; izan ere, aurten (2005eko urriaren 17ra arteko datuak) 5.802 aparatu berritzeko diru-laguntza eman da. Hona hemen aparatu horien banakatzea: 369 berogailu (% 6,36), 808 galdara atmosferiko (% 13,93) eta 4.625 galdara estanko (% 79,71). Guztira, 1.426.470 euroko diru-laguntza eman da: 475.800 euro Eusko Jaurlaritzak, 475.800 euro enpresa instalatzaile guztien artean eta 475.800 euro enpresa hornitzaile guztien artean.

 

Enpresa banatzaileak honako hauek dira: Bilbogas, Gas Pasaia, Donostigas, Naturcop Redes, Cepsa, Gas Hernani, Gasnalsa, Iberdrola, Repsol eta Tolosa Gasa.

 

Berrikuntza gehienetan, galdara estankoak jarri dira. Izan ere, galdara horiek eskaintzen dute segurtasunik handiena, tximinien eta aparatuen funtzionamendu okerraren ondoriozko intoxikazioak saihesten baitituzte. Diru‑laguntza horien bidez berrituriko galdaren kopurua hazi egin da —1.500 galdara gehiago—, eta, hain zuzen ere, era horretako galdaretan izan da hazkuntza hori guztia.

 

Laguntzen programak oso harrera ona izan du 2005ean. Aurten, 1.500 aparatutik gora berritu dira. 2004an, 4.348 aparatu ordeztu ziren urtarriletik urrira. Aurten, 5.802 aparatu ordeztu dira denbora-tarte horretan. Urte bukaerarako, guztira, diru-laguntza horien bitartez 7.000 aparatu berritzea aurreikusi da.

Hortaz, estrategian bete-betean asmatu dugulakoan gaude, hiru funtsezko arrazoirengatik:

  • Renove plana abian jarri zenetik egiaztatu denez, nabarmen hazi da Eusko Jaurlaritzak, enpresa instalatzaileek eta enpresa hornitzaileek hainbana emandako diru-laguntza horien bitartez berritu diren aparatuen kopurua.
  • Azken hiru urteotan Euskal Autonomia Erkidegoan egoera txarrean zeuden gas-instalazioek eragindako istripuen kopurua gutxitu egin dela egiaztatu da. Hots, gasezko galdarak eta berogailuak egoera onean egotea ziurtatzen du Renove planak, 10 urte baino gehiago edo arazoak dituzten aparatuak ordeztuz.
  • Enpresa hornitzaileen eta banatzaileen atxikitze-maila —esan dugunez, guztizko zenbatekoaren heren banako diru-laguntza ematen dute— Renove planaren arrakastaren beste adierazle bat da. Kontuan izan behar da Euskadi dela gure lurraldean gasa hornitzen duten enpresa guztien atxikimendua lortu duen autonomia-erkidego bakarra. Horrela, beraz, programaren hedapena oso handia izan da, edozein gas‑erabiltzaile ez‑kolektiborengana zabalik baitago.

Helburua:segurtasuna.Istripuak saihestea

Gasezko galdaren eta berogailuen parkea berritzeko plan honi esker, aparatu horien segurtasuna hobetzea lortzen da; izan ere, gasen hustuketa halako batean egokia ez bada hornikuntza eteteko gailu bat dute CE markatua duten aparatu berriek.

 

Aparatu berri horiei esker eta egiaztatu denez, istripuak saihestu egiten dira, istripu gehienak errekuntzaren produktuak husteko sistemen okerreko funtzionamenduak eragindako karbono monoxidoaren ondorioz sortzen baitira.

 

Sail honen ustez, Renove plana —bultzatzen ari diren beste jardun batzuekin batera— oso tresna lagungarria da gas-instalazioetan istripuak murrizteko. Beste jardun horiek nahitaezko ikuskapenak egitera eta ikuskapen horietan ikusitako akatsak zuzentzera bideratuta daude nagusiki.

 

Istripuak 2005. urtean: Aurten 7 istripu gertatu dira, eta, horien ondorioz, hainbat zauritu larri eta arin izan da. Zorionez, ez da inor hil. Istripu gehienak Araban gertatu dira: gehienak intoxikazioak izan dira; era berean, propano gaseko eztanda bat izan da sukalde batean, gas-agintea zabalik utzita zegoelako. Zarautz (4 lagun larriki zaurituta), Errenteria eta Bilbo. 2004an 3 hildako izan ziren, 2 Gasteizen eta 1 Barakaldon, eta 2003an, lagun bat hil zen Adunan.

 

Noiz egin behar diren ikuskapenak

Ikuskapenak eta berrikuspenak 4 urtetik behin egin behar dira. Gas bideratuaren kasuan, enpresa hornitzaileak egiten du ikuskapena. Butanoaren eta propanoaren kasuan, berriz, erabiltzaileak eskatu behar dio berrikuspena egitea horretarako bereziki gaitutako enpresa instalatzaile bati.

 

Ikuskapenak eta berrikuspenak egiten direla eta akatsak zuzentzen direla ziurtatu behar dute enpresa hornitzaileek. Bi kasuetan, hainbatetan ohartarazi ondoren, ikuskapenak edo berrikuspenak egin gabe edo akatsak zuzendu gabe jarraitzen dela egiaztatuz gero, enpresa hornitzaileek hornikuntza eten behar dute halabeharrez, dagokion ikuskapena edo berrikuspena egin edo akatsak zuzendu arte.

 

Nolanahi ere, istripuen murrizketak lotura estua du instalazio bakoitza arretaz mantentzearekin, baita enpresa instalatzaileek, hornitzaileek eta Eusko Jaurlaritzak aldizka egiten dituzten gomendioei jarraitzearekin ere.

 

Komunikabideetan egindako kanpaina

Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzaren Kontsumo eta Industria Segurtasuneko Zuzendaritzak kanpaina bat abiarazi du komunikabideetan, banakako gas‑instalazioak direla-eta erabiltzaileei euren betebeharren berri eta hainbat gomendio ematearren, aparatuen erabilera egokia bermatzeari begira, etxeetan istripurik gerta ez dadin.

 

GOMENDIOAK

 

  • Ke-kanpaiek funtzionamendu-akatsak eragin ditzakete galdaretan eta berogailu atmosferikoetan. Bi aparatuak sukaldean baldin badaude, kommutadore bat jarri behar da bi aparatuek aldi berean funtziona ez dezaten.
  • Galdara estankoek segurtasun handiagoa ematen dute, errekuntza-gasaren zirkuitua eta aire-hargunea kanpoaldearekin kontaktuan baitaude. Dena dela, bizilagunei trabarik ez egiteko, tximiniarik ez dagoenean edo tximiniak egoki funtzionatzen ez duenean baino ezin izango dira keak fatxadara atera.
  • Aireztatze-saretetan, buxatzeko moduko ezer ez jartzea gomendatzen da.
  • Gas-usainik sumatuz gero, azkar ireki behar dira leihoak eta gas‑sarrerako giltza itxi, eta ez zaie etengailuei eragin behar.
  • Gasezko sutegi baten ordez sutegi elektrikoa jartzen bada, gas‑instalatzaile batek egin behar du aldaketa, aparatua gaizki deskonektatzeagatik istripurik gerta ez dadin.