Azken eguneratzea: 2007/11/05
Euskal eliza-parrokietan gordetako oroitza Interneten
XVI. mendetik hasi eta 1900. urte bitartera doan informazioan, bizi izan ziren 3,5 milioi herritarren bizitza datuak eskuragarri

Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak eta Bilbo, Donostia eta Vitoria-Gasteizko Gotzaindegiek, hiru lurraldetako eliza artxiboak indexatu, digitalizatu eta erabilgarri jartzeko lantzen ari diren egitasmoaren inguruko hausnarketa jardunaldiak antolatu dituzte. "Artxiboak guztiontzat-Archivos para todos" izenburupean Bilboko Euskalduna Jauregian azaroaren 8an eta 9an burutuko diren jardunaldi hauetan 2008an amaituko den eliza-parrokietako bataio, ezkontza eta heriotza erregistroak formatu digitalean gorde eta zabaltzea xede duen egitasmoaren oraina eta etorkizuna aztertuko dituzte.

Historia, demografia, ekonomia, soziologia eta familia-historiarako horrenbesteko garrantzia duen egitasmo hau aitzindaria da Europan, artxibo fondo hauek babesteaz gain, ikertzaile eta herritarren esku balore handiko tresna abian jarri baitu. Euskal Autonomi Erkidegoko eliza-parrokietako XVI. mendetik XX. menderainoko jaiotza , ezkontza eta heriotza erregistroak arian-arian eskuragarri dira Interneten Irargiren, Euskadiko Kultur Ondare Zentroaren, Badator datutegian eta horretarako sortu diren eliza-barruti bakoitzeko Artxibo Digitaletako web orrietan.   

Digitalizazio proiektu hau, Eusko Jaurlaritzaren finanziazioari esker egina izan da, eta Irargi, Euskadiko Dokumentu Ondarearen Zentroa eta Bilbo, Donostia eta Gasteizko Elizbarrutien arteko kolaborazioarekin. Eusko Jaurlaritzaren eta hiru Eliza-barrutien arteko elkarlan hitzarmenei esker euskal parrokietako bataio, ezkontza eta heriotza errolda liburuak digitalizatu eta interneten jarri dira, guztira 3,5 milioi lagunen datuak daude (gure herrian XVI. mendetik 1900 urteraino bizi izan ziren herritarren gehiengo ia osoa).

Egitasmoa Kulturaren Euskal Planaren jarduerekin lotzen da, hain zuzen, bertan definitzen diren ondorengo proposamenetan:
-Euskadiko Artxiboen Sistema Nazionala antolatzea
-Ondare dokumentala digitalizatzea
-Euskarri mota guztietako ondare dokumentalak sarbide unibertsala izatea
Aldi berean, Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Artxibategi Historiko Nazionalaren egoitzari ekin dio, Bilbon bertan, eta bestalde, Kultura Sailak oso aurreratua dauka Dokumentu Ondarearen eta Artxiboen Lege egitasmoa. Hain zuzen,  Lege egitasmo honi esker sortuko da Euskadiko Artxibategi Historiko Nazionala, Sistema Nazionalaren ardatz nagusia izango dena eta memoria digitalaren arloa bereziki landuko duena.

Egitasmo hau, Euskadi Ezagutza Gizartean planaren barruan jarri zen abian eta gure iragana gordetzen duten hiru lurraldetako eliza-artxiboak digitalizatu ondoren sistema informatikoen bitartez babestea eta erabilgarri jartzea du xede. Egitasmoa, Kultura Sailaren IRARGIk, Euskadiko Dokumentu Ondare Zentruak, zuzendu eta gauzatzen ari da, hiru elizbarrutietako artxibo arduradunekin elkarlanean. Indexatu eta digitalizatzen ari diren artxiboak XVI. mendetik hasi eta 1900. urterainokoak dira eta bertan jaiotza, ezkontza eta heriotza erroldak daude.

Proiektua hiru fasetan egituratu da:

1. fasea: 2000-2001: proiektuaren definizioa. Kultura Sailak Elizbarrutietako teknikariekin elkarlanean burutu zuten fasea.
a. Hiru artxiboen eta Kultura Sailaren arteko koordinazioa
b. Azpiegitura teknikoaren sorrera
c. Baliabide informatikoen eskuratzea
d. Metodologia finkatzea

2. fasea: 2002-20033: proiektua martxan jarri, Irargiren zuzendaritza eta koordinazioarekin eta Elizbarrutien artxiboetako teknikarien kolaborazioarekin.
a. Parrokietako errolda liburuen indizazioa
b. Digitalizazio eta irudien konprobaketa
c. Web orrien sorrera
d. Artxibo zerbitzuen berrazterketa
  i. Euskarri digitalaren kontserbazioa eta zabalkundea
  ii. Erabiltzaileen kudeaketa: artxibo bertakoak eta birtualak


3. fasea: 2004-2008: proiektuaren kontsolidazio edo sendotzea
a. 1900 aurreko bataio, ezkontza eta heriotza errolda liburuen indizazioa eta digitalizazioa.
b. Internet bidezko zabalkundea: 3 elizbarrutietako artxiboak eta Irargi.


Eusko Jaurlaritzak azken fasea, 2004-2008koa, 3.000.000 €kin finantzatu du, hiru Elizbarrutien artean proportzionalki banatuaz.

Egitasmoaren emaitzak eragina izan dute elizbarrutietako artxiboetan, bereziki, modernizazio teknologikoagatik eta erabiltzaile gero eta ugari eta anitzagori eskainitako zerbitzuen profesionalizatze handiagoagatik. Aldi berean, indizatu den dokumentazio guztia Irargiren BADATOR datu basean sartu da.

Egitasmoa burutzear dagoela, ebaluatzeko eta proposamenak mahaigaineratzeko unea da, egitasmoaren inguruan geroari begira dauden ikuspuntuak, sinergiak eta aukerak kontuan hartuz. Horretarako Eusko Jaurlaritzaren eta hiru eliza-barrutietako artxiboetako arduradunek azaroaren 8an eta 9an Euskalduna Jauregian burutuko diren jardunaldiak antolatu dituzte. Erabiltzaileak protagonista nagusi izango dituzten jardunaldi hauetan, mahainguruen bidez, erabiltzaile mota desberdinen iritzia ezagutu (artxiboen munduko profesionalak, artxibora birtualki edo egoitzara bertara joaten diren erabiltzaileak edo, etorkizunari begira, jarraibide batzuk eskain diezazkiguketen beste profesional eta ikertzaile batzuen) iritzia ezagutu nahi da. .
1563tik aurrera, Trentoko Kontzilioak horrela agindu ondoren -nahiz eliza parrokia batzuetan lehenagotik ere egin, izatez bai baitaude XV. mendeko apunteak-, Eliza katolikoak hiru probintzietako elizetako sakramentu-liburuetan jaiotza -bataio- heriotza eta ezkontzetako errolda zehatza jasotzeari ekin zion. Beraz, Eliza-artxibo horietan gorde da gure iraganaren memoria, hiru mende horietako errolda zehatzak eta historiarako garrantzia duten hainbat gora-behera.

Egitasmoa, Kultura Sailaren IRARGIk, Euskadiko Artxibo Ondare Zentruak, zuzendu eta gauzatzen ari da, hiru elizbarrutietako artxibo arduradunekin elkarlanean. Indexatu eta digitalizatzen ari diren artxiboak XVI. mendetik hasi eta 1900. urterainokoak dira eta bertan jaiotza, ezkontza eta heriotza erroldak daude.  1870ean Erregistro Zibila sortu zen arte, bataio-liburuak dira dauden errolda zehatz bakarrak eta horixe da, arian-arian herritarren esku jartzen ari den altxorra.

Informazioaren garrantziaz jabetzeko, aipatutako hiru mendeetan eta hiru elizbarrutien esparrurako dagoeneko interneten kontsultagai 3.857.252 errejistro dira Eusko Jaurlaritzaren Irargiren Badator datutegian eta horietatik  Bizkaiko Elizabarrutiaren Artxiboan 1.700.030 Donostiako Elizbarrutiaren Artxiboan 1.515.222 eta Gasteizko Elizbarrutiaren Artxiboan 642.000. Proiektuaren amaierarako 8 milioi inguru izatea aurreikusten da, bestela esanda, 3,5 miloi biztanle haien bataio, ezkontza eta heriotza errolden informazioa.
Sakramentu-liburuetan jasotako apunte bakoitzari artxibo lanetan erabiltzen den araudien araberako (ISAD norma) deskribapena egiten zaio eta indexatu egiten da. Horrekin batera, liburu-apuntearen irudia era digitalean gorde egiten da, CD euskarrian eta beraz, irudi gisa ere, Interneten erabiltzeko moduan jarriko da.

Horrela bildutako datutegia era errazean ikertzaile eta herritarren esku jartzeko asmoz, egitasmo honen baitan, IRARGIren Badator datutegian (www.irargi.org)  eta Elizbarrutietako artxibategietan eta elizaren-artxiboen webgunetan  (Araba: www.ahdv-geah.org; Bizkaia: www.aheb-beha.org, Gipuzkoa: www.elizagipuzkoa.org/artxiboa) jartzen da, arian arian.
Arestian aipatutako moduan, egun IRARGIren eta hiru gotzaindegietako datutegietan 3.857.252 sakramentu erregistro daude eskuragarri, egitasmoa burutzen den unean, 8 milioi dokumentu izatea aurreikusten da. Egitamoa burutu arte, Internet bitartez katalogo, gidak eta erregistroak on-line bilatu daitezke, oinarrizkoaren irudia jaso ahal izateko oraindik hau bidaltzea eskatu egin behar da.

Bilbao, 2007ko azaroaren 5a