Azken eguneratzea: 2010/02/22
Euskal Erakundeek Itun Eolikoa itxi dute, adostasun orokorra lortu ondoren
Bernabé Unda sailburuak Jaurlaritzaren bi Sailen, Bizkaiko eta Gipuzkoako Aldundien eta Eudelen arteko akordioaren berri eman du, Legebiltzarrean.

Bernabé Unda sailburuak Legebiltzarraren aurrean agertu nahi izan du gaur, euskal erakundeen artean itxitako "itun eolikoaren" berri emateko. Zenbait hilabetez hizketan aritu ondoren, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak eta Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak, Bizkaiko eta Gipuzkoako Aldundiek eta EUDEL Euskadiko Udalen Elkartearen Batzorde Betearazleak dokumentu bat sinatu dute, irizpide orokor batzuk biltzen dituena Euskadin parke eolikoak ezartzeko.

Akordioaren barnean zenbait printzipio bildu dira, erakunde sinatzaile guztiek partekatzen dituztenak. Besteak beste, honako konpromiso hauek hartu dituzte erakundeek:
- Energia berriztagarrien iturrietatik ahalik eta energia gehien erabiltzea, eta gune naturalak eta ekosistemak babestea.
- Berotegi-efektuko gasen emisioak murriztea, energia-kontsumoan aurreztea eta energia ahalik eta eraginkortasun handiarekin erabiltzea.
- Euskadiren ahalmen eolikoa garatzea, berriztagarrien artean eolikoa baita orain eta etorkizun hurbilean gehien erabili beharreko energia.
- Ingurune naturala babestea, zehazkiago Natura 2000 Sareko naturguneak babestea.
- Parke eolikoen titulartasuna erabakitzean, toki-erakundeei parte hartzeko aukera emango dien eredu ekonomiko-juridiko baten alde egitea.

Itunaren barnean, halaber, gogoeta bat hartu da, Natura 2000 Sareko eremuetan planteatutako parkeei buruzkoa. Guztien ustetan, eremu horietan parke eolikoak ezartzeak eremu horien balio natural eta ekosistemikoak murriztea ekar lezake berekin. Gainera, une honetan zenbait kudeaketa-plan lantzen ari dira, Batasunaren Garrantzizko Lekuak (BGL) Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) bihurtzeko. Erabilera bateragarriak eta lurraldearen kudeaketa zehatza ezarriko dituzte plan horiek, hori guztia Europar Batasunaren eskaerei jarraiki. Hala, eta zuhurtzia-printzipioa kontuan hartuta, une honetan adierazi beharra dago ez litzatekeela egokia izango toki horietan parke eolikoak jartzea. Horregatik, kokaleku horiek geroago ebaluatzeko proposamena egin nahi dugu.

Energia eolikoaren indarreko Lurralde Arloko Planean (LAP) bilduta egonik Natura 2000 sareko guneei eragiten ez dieten gainerako kokalekuei eta miniparkeei ingurumen inpaktuko ebaluazio indibidualizatuaren prozedura aplikatuko zaie, egokiak diren edo ez ebazteko.

Energia planifikatzeko eta garatzeko, eta energia-arloko plan eta proiektuen ingurumen-inpaktua ebaluatzeko eskumenekoa den Eusko Jaurlaritzak eta beste erakundeek akordioan jaso dutenez, Europar Batasunak 2020rako ezarritako helburua -estatu kideen azken energia-kontsumoaren % 20 energia berriztagarrietatik eratortzea- bete nahi dute. Eta helburu hori bateragarri egin nahi dute euskal ingurune naturala ahalik eta gehien babestearekin.

Akordio horren bitartez Eusko Jaurlaritza ahalik eta adostasun zabalena lortzen ahalegindu da, gizartean eta politikari eta erakundeen artean. Ituna sinatu duten Administrazioek gardentasunez eta elkarrekiko leialtasunez elkarri laguntzeko konpromisoa ere hartu dute. Arabako Aldundiko Ingurumen Sailak bakarrik egin dio uko itun eolikoa sinatzeari.


Vitoria-Gasteiz, 2010eko otsailaren 22a