|
| Argazki oina: Rajendra Pachauri, Nazio Batuen Erakundeko Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeko (IPCC) presidentea |
EITBri emandako elkarrizketa esklusibo batean adierazi duenez, oker daude Euskal Autonomia Erkidegoak, txikia delako, klima aldaketaren ingurumen erronkari aurre egiteko ahalmenik ez daukala pentsatzen dutenak. "Klima aldaketaz mintzatzen garenean, kokapen zehatz batean oinarritu behar dugu, eta komunitate guztiek hartu behar dutela esku uste dut. Izan ere, klima aldaketaren eraginak bereziak dira leku bakoitzean.Beraz, Euskadiz ari bagara, erabat ezinbestekoa da klima aldaketaren eragin zehatzak zein izango diren aurreikustea, eta erkidego horrek bakarrik egin diezaieke aurre.Aringarriez ari bagara, berriz, arazo globala da eta denek energia modu eraginkorragoan erabiltzeko moduak bilatu beharko ditugu, berotegi-gasaren isurketak murrizteko.Hori aurrera eramateko, teknologia berriak sortu behar dira, edo teknologia eraginkorragoak erabili eta gure ohiturak pixka bat aldatu.Horregatik, komunitateak esku hartu behar du.Beraz, munduko edozein eskualdek eta, bereziki batzuek (Euskal Autonomia Erkidegoak, adibidez), klima aldaketaren arazoari aurre egiteko ekimenak martxan jartzen jakin behar du".
NBEko Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeko presidenteak ezagutzen ditu 2008-2012rako Klima Aldaketaren aurkako Euskal Plana eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak esparru horretan abian jarritako ekimenak. Hala, Euskal Autonomia Erkidegoak berotze globalaren aurkako borrokari buruz egindako informazio eta kontzientziazio kanpaina goraipatu du. "Jendeak arazoaren muinaren eta irtenbideen berri baldin badauka, erronka horri aurre egiteko aukera egongo da.Horregatik, izugarri pozten nau ezagutzan oinarritzen zaretela jakiteak.Klima aldaketaren arazoa ezagutzeko modu bakarra da, baita neurriak hartzeko lehen urratsa ere", adierazi du.
Nobel saria jasotako IPCC erakundeko (International Panel on Climate Change) buruzagi nagusiak Euskal Irrati Telebistari (EiTB) emandako elkarrizketa esklusibo batean egin ditu adierazpen horiek. Rajendra Pachauriri egindako elkarrizketa osoa komunikazio talde hori Esther Larrañagak zuzentzen duen sailarekin batera prestatzen ari den multimedia proiektuan ikusi ahal izango da. Proiektu horretan, klima aldaketak hainbat leku geografikotan sor ditzakeen eragin negatiboak ikusi ahal izango dira, modu birtualean. Toki horien artean, Euskal Autonomia Erkidegoko bat dago.
|