Azken eguneratzea: 2007/02/13
HABE eta UPV/EHU-k Osatuz programaren garapenerako lankidetza akordioa sinatu dute
UPV/EHUko Erizaintzako Unibertsitate Eskoletan ezarriko da lehenengo, osasun eremuko unibertsitateko kolektiboak euskararen jakintzan eta erabileran sakondu dezan. HABEk irakasle adituari eta bi Unibertsitate Eskoletako ikasleei, lankidetza lanen bidez, Osatuz proiektuan parte hartzeko aukera eskainiko die, batez ere, bere aldizkarian

Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) eta Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak (HABE) "osatuz" proiektua zabaltzeko lankidetza hitzarmena sinatu dute. "Osatuz" proiektua HABE institutuak Osakidetzaren laguntzarekin jarri zuen abian.

Osatuz proiektua aldizkari bat, irrati programak eta webgune propio batek (http://www.ikasbil.net/osatuz) osatzen dute. Programa horren helburua da osasunaren eremuan euskararen presentzian sakontzea, alor horretako profesionalei material osagarriarekin hornitzeko.

Euskal Herriko Unibertsitearen barnean talde handi bat dago osasunarekin harreman zuzena duena, zehatz-mehatz, Erizaintzako bi Unibertsitate Eskoletan eta Medikuntza eta Farmazia Fakultateetan.

 


Osatuz proiektua interesgarria da bai ikasle, irakasle edota administrazio eta zerbitzuetako pertsonalarentzat. Izan ere, euskararen eguneroko erabilera hobetzen laguntzen baitu. Aldi berean, osasunaren alorrean unibertsitate barruan garatzen diren proiektuak unibertsitatetik kanpora zabaltzeko plataforma bat osatzen du proiektu honek.

Hitzarmen honen bidez, UPV/EHU eta HABEk sinatua, UPV/EHUko Unibertsitate Eskolak, Euskara Errektoreordetzaren laguntzarekin, Osatuz aldizkariaren urteko harpidetza egin dezakete. Horrela, HABEk irakasle adituari eta bi Unibertsitate Eskoletako ikasleei, lankidetza lanen bidez, Osatuz proiektuan parte hartzeko aukera eskainiko die, batez ere, bere aldizkarian.

Osatuz proiektua zabaltzeko UPV/EHU eta HABEren arteko hitzarmenaren sinadura otsailaren 12an burutu da, Eusko Jaurlaritzak Donostian duen egoitzan. Ekitaldian parte hartu dute Patxi Xabier Baztarrikak, Hizkuntza Politikaren sailburuordea, Ludger Mees-ek, UPV/EHUko Euskara errektoreordea, Joseba Erkiziak, HABEko zuzendari nagusia, Jose Andrés Blascok, Osakidetzako Giza Baliabideen zuzendaria, Mª Concepción Fernándezek, UPV/EHUko Leioako Erizaintzako Unibertsitate Eskolako zuzendaria, eta Pilar Tazonek, UPV/EHUko Donostiako Erizaintza Unibertsitate Eskolako zuzendaria.