Juan Ignacio López Gandásegui, Marcelino Oreja Arburua eta Xabier Viteri Solaun dira kontseilari proposatu berriak. Hirurak ere "ezagunak dira gaitasun handia erakutsi dutelako energiaren edo industriaren alorretan" eta, hortaz, EEE sortzeko legearen eskakizunak betetzen dituzte.
Juan Ignacio López Gandásegui industria-ingeniaritzan lizentziatu zen Bilboko Ingeniaritza Goi Eskolan. Sener eta Iberdrola enpresetan hasi zuen bere lanbide-ibilbidea, eta handik IBV Korporaziora igaro zen; 1995ean Gamesa taldeko kontseilari delegatu izendatu zuten, IBV Korporazioaren zati batek taldea bereganatu ondoren, eta 2005eko abendura arte jarraitu zuen kargu horretan. Urte horietan Gamesa munduko lider bihurtu zen sektore aeronautikoan eta eolikoan. Enpresatik irtendakoan, López Gandáseguik Gamesa Aeronáutica erosi zuen zenbait kutxa eta akziodun pribaturen laguntzarekin, eta horrela Aernnova Aerospace Taldea sortu zuten; egun, talde horretako burua da. Gainera, López Gandásegui Euskadiko Enpresarien Bilguneko Patronatuko kidea da, baita Confebaskeko Batzorde Betearazleko presidenteordea ere.
Marcelino Oreja industria-ingeniaritzan lizentziatu zen ICAI eskolan, eta jarraian masterra lortu zuen IESE eskolan. Garrigues & Andersen Patentes y Marcas enpresako zuzendari nagusia eta Aldeasa enpresako nazioarteko zuzendaria izan zen, eta, jarraian, Europako Parlamentuko diputatu hautatu zuten (2002tik 2004ra bitarte jardun zuen bertako kide gisa). 2004. urtetik EMTE Taldeko nazioarteko zuzendaria da, baita sistemen eta teknologiaren negozio-unitateko zuzendari nagusia ere; telekomunikazioetan, kontrol-sistemetan, industria-automatizazioan eta irratidifusio profesionaleko ekipoen salmentan diharduten taldeko 6 enpresa biltzen ditu negozio-unitate horrek.
Xabier Viteri industria-ingeniaria da, eta energia-tekniketan espezializatu zen Bilboko Ingeniaritza Goi Eskolan; gainera, zuzendaritza nagusiaren arloko programa bat egin du IESE eskolan. EEEn hasi zuen bere lanbide-ibilbidea, eta 1990ean Iberdrolan sartu zen; bertan, erantzukizuneko lanpostuetan jardun du, lehenik dibertsifikazioaren alorrean, eta, ondoren, berriztagarrien arloan. 2006an Iberdrola Renovables enpresako zuzendari nagusi izendatu zuten, eta, 2007aren amaieratik, enpresa Burtsara irten zenetik, sozietateko kontseilari delegatua da.
Jaurlaritzaren Kontseiluak erabaki du, halaber, Eduardo Arteta, Jesús Abrisqueta, Xabier de Irala eta Lucio Delgado jaunei EEEko kontseilari-kargua kentzeko proposatzea, eta bide batez guztiei ere eskerrak eman nahi dizkie 1995ean izendatu zituztenez geroztik emandako zerbitzuengatik. Eusko Legebiltzarraren Industria eta Energia Batzordeak onetsi beharko ditu kontseilari berrien izendapen-proposamena eta kargugabetzeak.
Vitoria-Gasteiz, 2010eko martxoaren 9a