Azken eguneratzea: 2012/04/02
Annex 50-ko entsegu termikoen ikerlari taldearen Jardunaldia
Ignacio De la Puertak, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitzako Zuzendariak, ongi etorria emango dio bihar, Gasteizko Eusko Jaurlaritzako Eraikuntzaren Kalitatearen Kontrolerako Laborategian, Energiaren Nazioarteko Agentziako Annex 58-ko entsegu termikoen ikerlari taldeari. Talde hori Jardunaldiak ari da burutzen egun hauetan Bilbon eta Gasteizen.
Annex 58, Eraikuntzaren eta eraikin osoen osagaien portaera termikoaren entseguetan eta simulazioan aritzen diren Europar Batasuneko ikerlariz dago osatuta. Annex 58an Etxebizitza Sailak hartzen du parte, bere Laborategiaren eta Tecnaliaren bitartez.
Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailaren esku dago Eraikuntzaren Kalitatearen Kontrolerako Laborategia. 1986an martxan jarri zenetik, bere helburu nagusia berrikuntza izan da, alor teknologiko berriak sortuz eta bultzatuz, eraikuntzaren kalitatea eta iraunkortasuna indartzeko eta garatzeko eta eraikuntzaren sektoreari laguntza emateko xedez. Horretarako, ezagutzaren transferentzia indartzen du agenteen, unibertsitatearen eta administrazioaren artean, guztia ere, Eusko Jaurlaritzak, Euskadiko Autonomia Erkidegoko eraikuntzaren eta etxebizitzaren alorrean kalitatea bultzatzeko aurrera daraman politikaren barruan.
Horretarako, lanean hasi zenetik, Laborategiak, obran hartzeko eraikuntzako materialen entsegu fisikoak, mekanikoak eta kimikoak egiten ditu, eta 1997tik aurrera, eraikuntza materialen eta sistemen zarataren ikerketarako eta karakterizaziorako ere prestaturik dago. 2003an, materialen eta sistemen portaera termikoaren karakterizaziorako sail termikoa sortu zen.
Laborategiko Termika Sailak maila teknologiko altua du. Estatu mailan parekorik ez duen ekipamendu berezia du, eraikuntza alorreko karakterizazioa nazio eta Europa mailako arauak kontuan izanik burutu ahal izateko. Baliabide tekniko garrantzitsuak eta oso koalifikazio altuko giza taldea dituen laborategia da, gizarteak orokorrean, eta etxebizitzaren erabiltzaileak bereziki, dituzten gero eta jakin-min eta exijentzia maila altuagoei erantzun ahal izateko. Horrek guztiak eragina izango du, alde batetik, etxeko erosotasunean eta ekonomian, eta bestetik, ingurumenaren eta baliabide naturalen babesean. Horrela, gero eta pauso gehiago eman ahal izango dira “eraikuntza iraunkorra” lortzeko bidean.
Ikerketa, eta sektoreari, langileei zein enpresei, bideratu beharreko ezagutza gehiago bultzatu ahal izateko, elkarlanerako hitzarmena sinatu zen Euskal Herriko Unibertsitatearekin, alorraren kudeaketarako. Hitzarmen horrek emaitza garrantzitsuak eman ditu, eta horien artean honako alderdi eta eremu hauek azpimarra daitezke:
- Nazio eta Europa mailako batzordeetan parte hartzea, eta horren ondorioz sektoreari aholkularitza eman ahal izatea.
- Entsegu eta karakterizazio sistemen garapena eta ezarpena, eraikuntzaren aurrerapen teknologikoaren euskarri gisa. Puntu berezi horretan sartzen da 2009an burututako PASLINK motako bi zeldaren instalazioa. Horrek oso elkarlan emankorra, eta saila DYNASTEE sarean integratzea eta Annex-eko lan honetan parte hartzea eragin du.
- Amaitutako etxebizitzaren kalitatearen kontrola. Kontrol horren barruan, hormen eta leihoen transmitantzia termikoaren neurketa eta, duela denbora gutxiago, gaur egungo beharturiko aireztapen sistemen airea berriztatzearen neurketa martxan jartzea daude, laborategiak burutzen dituen entsegu eremu zabalaren adibide soil gisa.
- Zaharberritze sektoreari laguntza ematea, etxebizitza errealen energia kontsumoaren azterketaren bitartez, monitorizazioaren eta modelatuaren bidez, eta baliabide ekonomikoen bideratze egokia, energiaren ahalik eta prestazio altuenak lortu ahal izateko.
- Garrantzi handiko hedapen eta jakinarazpen lana ahaztu gabe, aldian behin antolatzen diren jardunaldien bitartez. Jardunaldi horiei esker, nazio zein nazioarte mailako aurrerapenak sektorera hurbiltzeko aukera izan ohi dugu.
Deialdia
Ignacio De la Puerta, Etxebizitzako zuzendaria
- GAIA: Annex 50-ko entsegu termikoen ikerlari taldearen Jardunaldia
- EGUNA: asteartea, 3
- ORDUA: 9.30 etan
- LEKUA: Eusko Jaurlaritzako Eraikuntzaren Kalitatearen Kontrolerako Laborategia, Agirrelanda. Vitória-Gasteiz