Azken eguneratzea: 2011/03/16
Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak Mugipuzkoa sortu du
- Gipuzkoako garraio publikoa errazteko euskarri berritzailea da.
- Garraio publikoko 15 operadoreri, 1.700 geltokiri eta 260 ibilbideri buruzko informazio integrala eta integratua eskaintzen du.
- Herritarrei beren beharren araberako joan-etorriak antolatzeko aukera eskaintzen die.
- Automatikoki eguneratzen da eta, horri esker, informazio eguneratua eskaintzen du beti.
- Haren antolatzaileak Google Transit teknologia du oinarri.
Gipuzkoako erabiltzaileei garraio publikoaren sarearen gaineko ikuspegi integrala eta integratua eskaintzeko xedez, Garraioaren Lurralde Agintaritzak Mugipuzkoa (www.mugipuzkoa.com) sortu du, garraio publikoaren 15 operadoreri buruzko informazioa eskaintzen duen atari berritzailea. Guztira, 1.700 geltokiri eta 260 ibilbideri buruzko informazioa eskaintzen du.
Agintaritzaren erronka nagusietako bat da Mugipuzkoa. Ekimena bultzatu duten erakundeek –Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiak eta Donostiako, Irungo eta Errenteriako Udalek– 2009ko irailaz geroztik jardun dute lanean hori aurrera ateratzeko.
Ahalegin horien emaitza nabigazio erraza eskaintzen duen antolatzaile intermodala da. Horretan, erabiltzaileak behar duen informazioa aurkituko du Renfen, Euskotrenen, Lurraldebusen eta Donostiako, Irungo eta Errenteriako hiri-autobusetan egin beharreko bidaiak antolatzeko. Helbide jakin bat, udalerri bat edo leku adierazgarri bat –Artzai Onaren katedrala, esaterako– adieraztean, antolatzaileak zer garraio publiko, non eta noiz hartu behar duen erakutsiko dio erabiltzaileari, baita egin beharreko garraiobide-aldaketak eta itxaroteko denbora ere, halakorik balego. Horrez gain, Google Transit teknologia oinarri duenez, Gipuzkoa bisitatzera datorren munduko edozein herritarrek antola dezake bere bidaia Google Maps-en bidez.
Mugipuzkoak sakelako ordutegia –automatikoki eguneratua– eratzeko aukera ere ematen dio erabiltzaileari, horrek posta elektronikoan kontsultatzeko edo PDF formatuan inprimatzeko.
Mugipuzkoaren beste aplikazio bat Gipuzkoa Transit deritzona da. Leku batetik bestera dabilen erabiltzailearentzako telefono mugikorreko zerbitzu berritzaile eta aitzindaria eskaintzen du, joan nahi duen helbidera iristeko ibilbiderik onena uneoro esateko eta garraiobideen atzerapenak, geltokietako aldaketak… adierazteko.
Gerora begira, Mugipuzkoak zerbitzu berriak erantsiko ditu. Hala, erabiltzaileak usu erabiltzen dituen zerbitzuetara sindikatu eta jakinarazpenak eta oharrak jaso ahalko ditu. Bere mugikortasuna ekitaldi eta leku interesagarrien arabera antolatu ahalko ditu –adibidez, nola heldu Realaren partidara igandean, 17:30ean–. Orobat, aurreikusitako beste zerbitzu bat eskualdeko eta lurraldeko mapak eskaintzea da, tokian tokiko garraio-eskaintza erraz bistaratzeko.