Azken eguneratzea: 2011/02/17
Metro bat Donostiarako Erakusketak, lur azpiko trena hiriburuaren erdialdera heltzearen xehetasunak erakutsiko ditu
Horren aurretik, Iñaki Arriolak, Garraio Sailburuak eta Odón Elorzak, Donostiako Alkateak, Metroak Donostiako udalerrian izango dituen eraikuntza proiektuen garapenaren koordinaziorako hitzarmena sinatu dute.
Datorren martxoaren 27ra arte, “Metro bat Donostiarako” erakusketa egongo da irekita jende guztiarentzat Victoria Eugenia Antzokiaren lokaletan. Erakusketa horrek, lur azpiko trena hiriburuaren erdialdera eta urrunagoko beste toki batzuetara, Altzara edo Intxaurrondora, besteak beste, heltzearekin erlazionaturiko xehetasun guztiak erakutsiko ditu.
Iñaki Arriolak, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailburuak eta Odón Elorzak, Donostiako Alkateak, inauguratu dute erakusketa gaur. Egunero egongo da irekita goizez eta arratsaldez (11,00-14,00 eta 16,30-20,00), antzoki ezagunak Okendo plazan dituen lokaletan.
Erakusketak material grafikoa eta ikus-entzunezkoa du, hiritarrek garraiobide horren ezarpenak izango dituen onurak hobeto uler ditzaten. Donostiarrek mugikortasunaren alorrean dituzten ohiturak goitik behera aldatuko dituen azpiegitura izango da.
Ekitaldiaren aurretik, Arriolak eta Elorzak elkarlanerako hitzarmena sinatu dute. Hitzarmenaren xedea, Metroak Donostiako udalerrian izango dituen eraikuntza proiektuak gauzatzeko prozesuan Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoaren eta Donostiako Udalaren artean koordinazio egokia egon dadin beharrezkoak diren prozedura eta tresnak ezartzea da.
Horrela, ETS-k, Donostialdeko eraikuntzarako eta ustiapenerako beharrezkoak diren azterlan eta proiektu guztiak burutzeko konpromisoa hartzen du. Donostiako Udalari dagokionez, Hirigintza Planeamendua behin betiko onetsi arte sustatu, egokitu eta izapidetuko du, Metroaren azpiegituren eta trenbide instalazioen Informazio Azterlana eta Eraikuntza Proiektua kontuan izanik.
Hitzarmenak jasotzen duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak Donostialdeko garapenean eta finantzaketan parte hartzea erabakiko balu, testu hori aldatu eta abagune horretara egokituko litzateke.
Metroa Donostian
Metroak 17 geltoki izango ditu Donostian. Horietako bederatzi, orain arte udalerriaren gainerako guneekin eta Donostialdearekin tren loturarik ez zuten tokietan egongo dira. Gipuzkoako hiriburua igaroko duen Metro sarearen eraikuntzak 427 milioi euro inguruko inbertsioa eskatuko du. 55.000 pertsonak metro geltoki bat izango dute beraien etxeetatik bost minutu baino gutxiagora, eta 111.000 pertsonak hamar minutu baino gutxiagora.
Horrez gain, proiektuaren barruan, Egiako auzoko biztanleei Donostiako erdialdera bost minutu baino gutxiagotan heltzeko aukera emango dien trenbide lotura automatikoa ezartzea aurreikusten da. Estatu osoan oso aurrekari gutxi dituen soluzioa da. 1.500 metroko luzera izango duen kanoia da, geltoki horretan abiatuko da eta geralekuak izango ditu Askatasun Etorbidean, Atotxako intermodalean eta Egian, Luis Martín Santos kalean.
Donostialdeko Metroak Gipuzkoako biztanleen %65ari zerbitzu zuzena eskainiko dio, eta Loiolako Erriberetan aurreikusten den eta RENFEren Aldirietako sarearekin lotura ezarriko duen trukaguneari esker, gipuzkoarren %80k eskura izango dute.
Une honetan trenbidea bikoizteko lanak ari dira burutzen honako zati hauetan: Lasarte-Errekalde, Errekalde-Añorga, Loiola-Herrera, Fanderia-Oiartzun eta Arasoko Tailerrak eta Kotxetegiak.